Azpeitiko gune historikoak ezagutzeko bisitak egingo dituzte abuztuan

Uztarria.eus 2014ko uzt. 29a, 15:00
Udaleko eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak.

Sebastian Donearen parrokia, Loiolako Inazio bataiatu zen iturria eta Madalenako ospitalea ezagutu daitezke udan, besteak beste. Abuztuaren 6an, 7an, 13an, 14an, 20an, 21ean, 27an eta 28an izango dira bisitak.

Iraurgi Berritzenek eta Gipuzkoa Turismoak bisita gidatuak antolatu dituzte abuzturako, Azkoitiko eta Azpeitiko gune historikoak ezagutu ditzaten herritarrek nahiz kanpokoek

Azpeitiko bisita gidatuak abuztuaren 6an, 7an, 13an, 14an, 20an, 21ean, 27an eta 28an egingo dira. Sebastian Donearen eliza atarian hasiko dira, 12:30ean, eta elizaz gain, Loiolako Inazio bataiatu zuten iturria eta Madalenako ospitalea ikusiko dituzte, besteak beste.

Txangoek bi euroko kostua izango dute, eta txartelak unean bertan eskuratu ahal izango dira; hala ere, bisitak egiteko, gutxienez zortzi pertsonako taldea osatu beharko da. Dena den, ezarritako saioez gain, aurrez erreserba eginez gero, taldeentzat zirkuitoak ere egingo dituzte abuztuan eta irailean.

Erreserbak 943 15 18 78 telefono zenbakira deituta edo i-loiola@turismo.net helbidera idatzita egin daitezke. Informazioa eskatzeko ere erabil daitezke bide horiek.

Abuztuan, aukera gehiago doan

Bisita gidatuez gain, tren irteera bereziak egiteko eta Madalenako ospitala doan bisitatzeko aukera izango da abuztuan. Asteartetik igandera bitartean, tren irteerak antolatuko dituzte tren museoan. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 15 06 77 telefonora dei daiteke.

Abuztuko ostiral, larunbat eta igande guztietan, berriz, Madalenako ospitalea doan bisitatzeko aukera izango da, 11:00etatik 14:00etara.