EH Bildu: "Urola eta Euskal Herria pertsonak erdigunean jartzen dituen eredu batekin bakarrik aterako da aurrera"

Uztarria.eus 2014ko mai. 15a, 12:16

Atzo, maiatzak 14, EH Bilduk Europako Parlamenturako hauteskunde kanpainaren baitako ekitaldia egin zuen Azpeitian, eta 150 lagunetik gora bertaratu ziren Frontoi Txikira. Ekitaldiko mezu nagusia Pello Urizarrek azaldu bazuen ere, hainbat herritarrek ere hartu zuen hitza ekitaldian. Eskualdeko alkate eta zinegotziek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta Leire Etxeberria Zestoako alkateak, mezu argia helarazi zuen: "Urolako eskualdean bizi dugun egoera latzaren aurrean, ditugun baliabideak, eskumenak urriak izanda ere, posible dugun guztia egingo dugu Urolan bizi eta Urolan lan egin dezagun eskualdeko herritarrok". Horretarako, ahalik eta eremu gehienetan egotearen beharra azpimarratu zuen: "Garrantzi handia izango du Europako Parlamentuan ere, EH Bildu, alternatiba den indar bakarra, egotea".

Ordezkari instituzionalen ostean, arloz arlo, eskualdean lanean ari den hainbat lagun igo zen oholtzara Europako Parlamentura eraman beharreko aldarriei ahotsa jartzeko eta EH Bilduren aldeko bozka eskatzeko. Lehengo sektorean, internazionalismoan, hezkuntzan, gatazkaren konponbidean, langile borrokan, erabakitzeko eskubidearen arloan, etorkinekiko politikan, gazte mugimenduan eta borroka feministan dihardutenen ahotsa entzun ahal izan zen bertan.

Bestalde, Kataluniako, Galiziako eta Nafarroako banderekin eta ikurrinarekin herrien arteko elkartasuna irudikatuz egindako dantzaren ostean, hitzartze nagusia egin zuen Pello Urizarrek. Haren hitzetan, "hiru arrazoi argi" daude EH Bildu Europako Parlamentuan egotearen beharra argi eta garbi erakusten dutenak: "Gatazkaren konponbidearen baitan nazioarteko komunitateak eta Europar Batasunak oraindik orain egin dezaketen ekarpena. EH Bildu Europan egonik gatazka politikoaren konponbideari bultzada emango dio". Bestalde, Eskozia eta Kataluniako prozesuek izango duten zentraliatea kontutan izanik, "Euskal Herriaren eta euskaldunon erabakitzeko eskubidearen aldarriak ezinbestean han egoteko duen beharra" azpimarratu zuen. Eta, "Troikari ez esatea" ere azpimarratu zuen Urizarrek. Ez esateaz gain, han lanean diharduten ezkertiar alderdi nahiz mugimenduekin lanean jarraitzeko elementuak izatea aipatu eta eredu aldaketa "ezinbestekotzat jo" zuen: "Urola eta Euskal Herria pertsonak erdigunean jartzen dituen eredu batekin bakarrik aterako da aurrera". 

Urizarrek, beste hainbat gai ere aipatu zuen. Horien artean, hautes-batzordeak hartutako azken erabakia. Erabaki hori tarteko, EH Bildu EITBn doako 30 minutu izatetik 10 minutu izatera pasatuko da; beste 20 minutuak UpyDri eman dizkiote eta. "EH Bildurekiko kriminalizazioaz" ere mintzatu zen.

Gerturatutakoek, luntxarekin eman zioten amaiera ekitaldiari. (EH Bildu)