Egia gosez

Uztarria.eus | Gizartea
2014ko mai. 12a, 14:05

Uztarria herri aldizkariaren maiatzeko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 161. zenbaki horretan Azpeitiko Udalak eta Aranzadik egindako akordioaz egindako erreportajea ekarri dugu hona. Izan ere, gaur, astelehena, sinatuko dute bi erakundeek lankidetzarako hitzarmena, eta gaur hasiko dira antolatu dituzten ekimenak, Paco Etxeberriaren hitzaldiarekin.

"Egia da latz eta garratz”, dio esaera zaharrak. Garratza bezain beharrezkoa da, ordea, familia bateko kideentzat, herri batentzat, herrialde batentzat. Azpeitiarrek, azkenean, ezagutuko dute Gerra Zibilean udalerrian emandako errealitatea; egia latza. Apirilaren 2an Azpeitiko memoria historikoa aztertzeko akordioa sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Javi Buces (Sevilla, 1982) da ikerketaren arduraduna eta, haren iritzian, berandu bai, baina ez da beranduegi: "Orokorrean, berandu iritsi dira ikerketak herri guztietan, baina oraindik badira testiguak eta, euren testigantzei esker, oraindik garaiz da". Ikertzaileak dioenez, bere lanaren helburua "egia jakitea" da.
 
"Konplexua" da memoria historikoa aztertzea. Hasteko, informazioa bildu beharko dute. "Lehenengo lana artxibo guztietan begiratzea da: artxibo lokala, Diputaziokoa, Memoria Historikoaren Euskal Interpretazio Zentrokoa, Sabino Arana Fundaziokoa, artxibo pribatuak eta, azkenik, artxibo militarrak: besteak beste, Guadalajaran, Ferrolen eta Avilan daudenak". Artxiboetatik ateratako datuak elkartearen datu-basean sartuko dituzte horrela, herritarren datuak-eta bilduta, biktimen behin-behineko zerrenda osatuz.
 
Behin-behineko zerrendak, ordea, luzatu egiten dira. "Beti daude sorpresak. Mundu guztiak dakizkien izenekin osatzen dugu hasierako behin-behineko zerrenda, baina ikerketaren bidez aurkitzen dugu jende gehiago: egun familiarik ez duten biktimak, adibidez". Duela gutxi amaitu du Bucesek Leioako memoria historiakoaren azterketa. "Leioan, hasieran, gerran izan ziren 21 lagunen eta beste bi edo hiru zibil fusilaturen izenak genituen. Ikerketa amaitu dugunean, gerran izan ziren 60 biktima inguru ditugu, eta fusilatutako hamarren bat zibil". Joera ikusita, Azpeitian ere "sorpresak" espero ditu Bucesek: "Seguru asko agertuko dira izen berriak: milizianoak, ebakuatuak eta abar".
 
Ikerlariaren hitzetan, gainera, Azpeitia historikoki oso toki esanguratsua da; zehazki, Loiola. "Gudarien kuartela zegoen Loiolan. Candido Saseta egon zen han, Euskal Herriarentzat oso pertsonaia garrantzitsua dena. Horregatik, pisu historiko handia du Azpeitiak".
 
Argitalpenak ere informazio iturri garrantzitsu direla azpimarratu du Bucesek: "Hainbat liburu argitaratu da testigantzekin eta informazio baliagarriekin". Uztarria Komunikazio Taldeak argitaratu zuen, esaterako, Amaia Mendizabalek idatzi zuen Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua. Modu batean edo bestean, Espainiako Gerra bizi izan zuten azpeitiarren testigantzak jaso zituen han Mendizabalek: Antonio Loinaz, Maria Dolores Odriozola, Santa Larizgoitia, Ignacio Artetxe, Lurdes Alberdi, Ramon Altolagirre, Jesusa Aranguren, Jesus Urbieta eta Asentxio Zubillaga herritarrak elkarrizketatu zituen, hain justu. Baliagarri izango dira, ziur, lanean bildutako pertsonaia guzti horien testigantzak. Dena dela, eta idazleak nabarmendu bezala, liburua "ez da, agian, gerra hartan eta herri honetan gertatutako guztiaren isla, zenbait jenderen testigantza falta baita".

Bulegoa herrian

Zaila da 1936 eta 1945 urte bitartean bizi zirenen testigantzak biltzea. "Orduko kontuen testigu edo protagonista ziren asko hilda daude. Beste zenbaitek, adina edo gaixotasuna tarteko, ezin dute euren historia kontatu, eta badira ezer kontatu nahi ez dutenak ere, mingarri egiten zaielako gerrateaz hitz egitea eta nahiago izan dute aspaldiko kontu horiek ahanztea". 2006an idatzi zituen hitzok Amaia Mendizabalek eta, beraz, are zailagoa izango da orain, zortzi urte beranduago.
 
Hala ere, "beharrezkoa" eta "ezinbestekoa" da, Bucesek dioenez, herritarrek euren ekarpenak egitea. "Ikerketaren parte garrantzitsua izango da herriko edadetuen testigantzak biltzea; beharrezkoa zaigu egia jakiteko. Gertatutakoa pertsonen bidez jakitea behar dugu. Hau ez da tesi doktorala edo kontakizun soil bat gerra zibilari buruz. Lan hau pertsonala da: izena berreskuratu nahi dugu"
 
Bulegoa ipiniko du herrian Aranzadik, herritarrekin elkartu eta haien ekarpenak eta testigantzak jaso ahal izateko. Ekainean zehar, asteko bi egunetan egongo da zabalik. "Herritarrek ekarpenak eta kontsultak egin ahal izango dituzte. Esaterako, norbait familiako kide baten bila badabil, kontsulta bidez eta informazioa emanez, ekarpenen bat egin diezaioke gure lanari". Oraindik ez dituzte zehaztu bulegoa zabalik egongo den egunak.
 
Ekimen gehiago ere antolatu dituzte herrian. Maiatzean, exhumazioaren inguruko erakusketa eta hitzaldiak eskainiko ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. "Aranzadik urte mordoa darama Gerra Zibilaren inguruko kontuetan lanean. Baina beti exhumazioei heldu diegu, hau da, gorputza bilatzera joan gara. Ikerketarena beste adar bat da, modu paraleloan egiten dugu", dio adituak.
Lana "gogorra" bezain "hunkigarria" dela aitortzen du Bucesek. Hasteko, bilaketa eta azterketa lana egin behar dute. "Ikerketari ekin eta bigarren asterako 500 paperetik gora genituen mahai gainean. Guzti horiek aztertzea lan gogorra da". Lanaren alde humanoari ekiten diote gero. "Testigantzak jasotzeko elkarrizketak egitea ez da lan gogorra; lan emotiboa da". Duela horrenbeste urteko kontuak mugitzeak familien mina nolabait arintzen duen ustekoa da Sevillakoa. "Familiek biktimak ahaztu ditugun sentsazioa izaten dute askotan. Orain, norbaitek haietaz galdetzean eta interesa erakustean, hunkitu egiten dira".

Hiru oinarrietan lehena

Bucesek argi ikusten du zein den bere egitekoa, eta non dagoen lanaren bukaera. "Gure helmuga da egia jakitea. Nazio Batuek esaten dute hiru oinarriak direla egia, justizia eta erreparazioa. Gure lana lehenengo hori betetzea da. Azpeitiar biktima guztien izenak jaso behar ditugu jakiteko zein ziren eta zer gertatu zen eurekin, eta familiei eta herriari egia ezagutarazi behar diegu. Hori lortzean bukatuko dugu". Lan hori abendurako bukatzea aurreikusi dute Udalak eta Aranzadik. Gero, liburua argitaratuko dute. 2015. urte hasieran kaleratzea dute asmoa.
 
Liburuaz gain, ikerketan bildutako informazio guzti-guztia eskuragarri izango da. "Guk jasotako informazio guzti-guztia udaletxera eramango dugu: dokumentuak, datuak, argazkiak, testigantzak bideoan grabatuta... dena. Etorkizunean bestelako ikerketa edo kontsultak egin nahi izanez gero, hor egongo da dokumentazio osoa".
 
Berandu bai, baina beranduegi ez. Aurki jakingo dute azpeitiarrek herrian Gerra Zibilean jazotakoen egia latza eta garratza.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu