Lurrun treneko bisitarien kopurua %26,1 hazi da Aste Santuan

Uztarria.eus 2014ko api. 25a, 15:23

Apirilaren 17tik 21era bitartean bisita ugari jaso dute Burdinbidearen Euskal Museoan, eta arduradunek balorazio "oso positiboa" egin dute. Bestalde, bihar, zapatua, hasiko da lurrun trenaren denboraldi erregularra, eta azaroaren 2ra bitartean izango da martxan larunbat, igande eta jaiegunetan.

Azpeitia eta Lasao arteko lurrun treneko bisitarien kopuruak gora egin du pasa berri den Aste Santuan. Apirilaren 17tik 21era bitartean bisita ugari jaso dute Burdinbidearen Euskal Museoan, eta arduradunek balorazio "oso positiboa" egin dute. Izan ere, iazko Aste Santuetako datuekin alderatuta, %26,1 hazi da bidaiarien kopurua.

Bihar, zapatua, hasiko du lurrun trenak denboraldi erregularra, eta martxan izango da azaroaren 2ra bitartean. Larunbatetan 12:30ean eta 18:00etan, eta igande eta jaiegunetan 12:30ean. Burdinbidearen Euskal Museoa, berriz, 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era izango da zabalik asteartetik zapatura bitartean, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara zabalduko ditu ateak.