Beasain, Zarautz eta Azpeitiko alkateek "zabortegirik gabeko Gipuzkoa" eraikitzeko akordiora deitu dute

Uztarria.eus 2014ko ots. 28a, 15:28

Beasain, Zarautz eta Azpeitiko alkateek zabortegirik gabeko Gipuzkoa eraikitzeko eragileen arteko akordio zabal baterako deia egin dute. Pozik agertu dira hirurak aurreko astean Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako proposamenarekin, hiru herriotako zabortegiak itxi eta hondakinen kudeaketarako azpiegitura berriak eraikitzea proposatzen duen planarekin, alegia. "Hondakinen kodeaketaren arazoari behin betiko konponbidea" ematen dion ustea adierazi dute, "Aldundiaren plangintzak Gipuzkoa iraunkorrago, osasuntsuago eta ederrago bat ahalbidetuko du".

Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik adierazi duenez, "zabortegiak ez dagozkio jende arduratsuari, milaka tona hondakin xahutzen ari baikara baliabide moduan erabil daitezkeenean". Zabortegiek sortzen dituzten usain eta bestelako kutsadurak sahiestu beharra nabarmendu du, horretarako zabortegiak itxiz. "Europak ere 2020rako zabortegiak ixtea eskatzen du, eta beraz argi daukagu, Gipuzkoak ezin du bere etorkizuna zabortegien gainean eraiki". Dei egin die hondakinen arloan zerikusia duten eragile sozial eta politiko guztiei "apustu horrekiko koherentziaz" jokatzera.

Koldo Agirre Beasaingo alkatea oso pozik agertu da Aldundiaren plangintzarekin, "erakutsi baitu konponbide iraunkor, arrazoizko eta merkeagoak badaudela, ez dela makroazpiegitura toxikorik eraiki behar, ezta ehunka milioi euro xahutu behar ere". Alde horretatik, hondakinak gutxitzearen lana norberaren gain dagoela gogorarazi du, "gure sukaldeetan hondakinak ondo bereiztea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea da gure urrezko araua". Beasainen erronka "handi baina egingarri" bat dutela adierazi du: "bi urteko epean %60 birziklatzea. Mantso goaz, baina aurrera; herritarrak kontzientziatzen ari dira eta pauso ausartak emango ditugu norabide horretan".

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak adierazi du, herritarren interesa defendatzeko beharrezkoa dela akordio zabal bat , "eta une honetan mahai gainean dugun proposamenak gipuzkoar guztien interesak defendatzen dituela uste dugu". Hika-mika politikoaren eraginez zabortegiak ez ixtea, edota euren zabortegiak itxita dituzten udalerriek, Azpeitiko, Zarauzko eta Beasaingoak ixteko trabak jartzea ez luketela ulertuko adierazi du. Azpeitiko Bilduk eta EAJk joan den urtarrilaren 7ko udalbatzarrean babestutako mozioa ekarri du gogora, "eragile guztiei eta, bereziki, Gipuzkoako talde politikoei, Lapatx itxi eta errauste plantarik gabeko errealitate batean azpiegitura berriak egiteko" apustuarekin bat egiteko eskatzen zitzaien. "Azpeitian akordio politikoa posible izan bada, Gipuzkoan ere posible" dela ohartarazi du.