Eskubide Sozialen Kartari ekarpenak egiteko aukera izango da Azpeitian ere

Uztarria.eus | Gizartea
2014ko urt. 28a, 16:44

Otsailaren 5etik 13ra sektorekako sei bilera egingo dira, eta horietan jasotako ekarpenen bateraketa egiteko balioko duen batzar orokorra, berriz, otsailaren 22an. 

Hainbat herritarrek aurkeztu zuten Eskubide Sozialen Karta osatzeko Azpeitian egingo den prozesua.  Ikusi haundiago | Argazki originala

"Pertsonen eskubideak oinarri izango dituen sistema sozio-ekonomiko justu bat eraiki" eta "instituzioen politikan eraginkorra izango den tresna" sortzeko helburuarekin ari dira osatzen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta. Otsailean, azpeitiarrek ere izango dute dokumentu horri ekarpenak egiteko aukera, Azpeitian Bizi eta Lan dinamikak bultzatuta gauzatuko den prozesuaren bidez.

Atzo, astelehena, hainbat sektoretan aritzen diren herritarrek aurkeztu zuten Azpeitian abian jartzear den prozesu hori, Sindikatu Zaharrean. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak "eredu berriaren oinarriak jartzeko tresna izan nahi du -azaldu zuen mugimendu feministan dabilen Maite Segurolak-. Herritarron behar eta eskubideak zehaztu, eta hauek bermatuko dizkigun eredu berria definititzea du helburu, instituzio publikoei beronen gauzapena exigituz. Helburu hauek egikaritzeko modu bakarra, eskubide sozialen karta guztion artean egitea da, herritar guztien helburu eta aldarrikapen guztiak barne bilduko dituen prozesu bat irekiz, nahi eta nahi ez, guztion parte-hartzea bermatuko duen prozesu bat irekiz".

Parte-hartze hori errazteko, otsailaren 5etik 13ra sektorekako sei bilera egingo dira, eta horietan jasotako ekarpenen bateraketa egiteko balioko duen batzar orokorra, berriz, otsailaren 22an. Bileretan parte hartuz ez ezik, harremanetarako jarri duten e-posta helbide honetara idatziz ere egin daitezke ekarpenak, edota informazioa eskatu: azpeitianbizietalan@gmail.com.

Bileren egutegia

Otsailak 5, asteazkena. Emakumeen Txokoan, 19:00etan: Emakumeen eskubideak

Bizitzaren mantentzea eta indarkeria gabeko bizimodu aske bat emakumeentzat.

- Zein dira bizitza bizigarriak eraikitzeko oinarriak? Nola bermatuko ditugu bizitzaren sostengurako oinarri eta baldintzok?

- Zein paper jokatzen du jendarteak indarkeria matxistaren iraunaraztean? Berdintasunaren aro honetan bizi garelarik, zergatik gaude emakumeok indarkeriaren jo-puntuan?

Otsailak 6, osteguna. Sindikatu Zaharrean, 19:00etan: Lan baldintzak

Azkenaldian lana da gure gizartean kezka sortzen duen arazo larrienetakoa. Baina lana zer da, luxua ala eskubidea? Soldatarik gabeko lanik ba al da? Aukera berdintasunik ba al dago lan munduan? Zer da lanpostu duin bat? Guztiontzat lanik izango ote da etorkizunean?

Otsailak 7, ostirala. Gaztetxean, 19:00etan: Etxebizitza eskubidea

Espekulazioa, boom inmobiliarioa, eraikuntza masiboa, desjabetzeak... etxebizitza eskubidea negozio huts bilakatu izana da egungo egoerara iristeko arrazoi nagusia. Gure herriaren bilakaera, emandako borrokak eta arlo honetan hartutako erabakiak aztertzeaz gain, eskubide hau bermatzeko hartu beharreko neurriez eztabaidatuko dugu, besteak beste.

Otsailak 10, astelehena. Sindikatu Zaharrean, 19:00etan: Elikadura burujabetza

- Jakinda kontsumitzen dugunaren %4a bakarrik dela Euskal Herrian ekoiztua, egoera aldatzen hasteko ze aukera ikusten dituzu?

- Belaunaldi aldaketa, kalitatea, gertutasuna, zuzeneko salmenta... zein dira hartu ditzakegun erabakiak/bideak?

Otsailak 11, asteartea. Sindikatu Zaharrean, 19:00etan: Hezkuntza

Nolako Hezkuntza Sistema nahi dugu? Nork hartu behar du parte Hezkuntza Sistema propio bat sortu eta garatzeko prozesuan?

Otsailak 12, asteazkena. Sindikatu Zaharrean, 19:00etan: Eskubide ekonomikoak

Politika fiskala eta aurrekontuak.

Egoera ekonomikoa gero eta larriagoa den momentu hauetan, instituzioen lanak berebiziko garrantzia du. Berauen eginkizun nagusia, guztiok jarritako bitartekoekin guztion arazoei erantzuten saiatzea da. Baina ba al dakigu zer ordaitzen dugun gure zergen bidez, zertarako erabiltzen diren? Zer da progresibotasuna? Zer egin daiteke iruzur fiskalaren aurka? Egungo aurrekontuek erantzuten al diete herritarren beharrei?

Otsailak 22, zapatua. Betharramen, 10:00etan: Batzar orokorra

Haurtzaindegi zerbitzua

Herritarrak bileretan parte hartzera animatzeaz gain, zerrendako bilera guztietan haurtzaindegi zerbitzua baliatzeko aukera izango dela jakinarazi dute prozesuaren deitzaileek. Horretarako, hori bai, zerbitzua aurrez eskatu beharko da, telefono zenbaki honetara deituta: 688802352.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu