Udalak 2014rako aurrekonturik ez duela salatu du Azpeitiko EAJk

Uztarria.eus 2014ko urt. 16a, 12:12

Azpeitiko EAJk ohar bidez salatu du Udalak 2014rako aurrekontu proiekturik ez duela gaur gaurkoz. Aitor Gorrotxategik bozeramaile jeltzaleak azpimarratu duenez, "San Sebastian bezperetara iritsi gara, eta alkateak oraindik ez du aurkeztu eztabaidatu eta bozkatu dezagun, datozen hamabi hilabeteotan Udalaren kudeaketarako lehentasunak zehaztuko dituen dokumenturik garrantzitsuena; aurrekontuak, hain zuzen ere".

"Euskadiko instituzio nagusiena den Eusko Jaurlaritzak edota Gipuzkoko Foru Aldundiak jadanik euren aurrekontu-proiektuak eta horiei dagozkien exekuzioekin hasteko behar diren tresna guztiak onartu dituzte. Azpeitia, berriz, ez da abian jarri eta alkateak bere isiltasunarekin erantzuten du", azaldu du Gorrotxategik.

"Gaur ez dakigu zein diren udal gorbenuaren asmo zehatzak, ez dakigu noiz aurkeztuko dituzten zifrak, eta zein izan daitezkeen lehentasunak haiek exekutatzerakoan", gaineratu du.

Ildo beretik adierazi du "azalpen orokor bat bakarrik" dutela: "Berdura plaza eta plaza eraberritzeaz diharduen azalpena edota Milagrosa Ikastetxeko hezkuntza-jarduera Betharrametako eraikinera eramateaz edo Urrestillarako bidegorri batez diharduena, baina inolako zehaztasunik gabe, plan ekonomiko-finantzario bat aurkeztu gabe eta horiek egiteko inolako egutegirik gabe". Gorrotxategiren aburuz, "zehaztasun-falta eta informazio eta gardentasun-falta bera dugu igerilekua handitzeko proiektu hipotetikoaren inguruan ere".

Horrez gain, adierazi du alkateari eta bere gorbernu-taldeari dagokiola ekimenak eta lehentasunak zehaztea, "horretarako baitute gobernatzeko ardura". Baina, Azpeitiari dagokionez "ekimenak besteek aurkez ditzatela eskatzen bakarrik ari dira".

Aurrekontu proiektuaren aurkezpena jasaten ari den "atzerapena" azpimarratzeaz gain adierazi du "zein garrantzitsua den aurrekontuak behar den garaian eta behar den moduan onartuak izatea eta, batik bat, gaur egun, krisia oso modu latzean ari baita erasotzen Azpeitiko produkzio-sarea".

"Denok dakigu epeek zer nolako garrantzia duten Udal-kudeaketan. Zenbat eta lehenago onartu kontuak, orduan eta azkarrago ateratzen dira lizitaziora proiektuak, dagozkien enpresek beren eskaintzak aurkez ditzaten eta lan-karga lortu dezaten, eta une hauetan ezinbesteko zaie hori" azpimarratu du zinegotzi eta bozeramaile jeltzaleak.

Alde horretatik aurreratu du EAJren borondatea eta jarrera "akordioaren eta adostasunaren bidea lantzeko" izango dela "onarpen instituzionalik handiena lortuko duen aurrekontua izateko": "Adostasunera iristeko prest gaude, baina negoziazioaren eta gardentasunaren bidetik. Horrela, mahai gainean jarritako proiektu eta lehentasunekin, azpeitiarren benetako beharrei erantzuteko".