Grumalen geroa erabaki dezakeen bilera egingo dute gaur arratsaldean Azpeitian

Uztarria.eus 2014ko urt. 7a, 13:47

Fagor Etxetresnen konkurtsoa kudeatzen ari diren hiru administratzaile judizialek Azpeitiko lantokiarekiko dituzten planak jakinaraziko dizkiete Grumaleko langileen ordezkariei. Enpresa ixteko dosierra aurkeztea aukera bat da une honetan.

Abenduaren 19an Fagor Etxetresnak kudeatzen ari diren konkurtso administratzaileak Grumaleko ordezkariekin batzartu ziren, eta enpresa likidaziora zihoala jakinarazi zieten. Hurrengo bilera baterako ordua jarri zuten; orduan etorriko zen azken erabakia, eta erabaki hori enpresa itxi eta 148 langile kaleratzeko dosierra aurkeztea izan daitekeela ohartarazi zuen Patxi Isasmendi langile batzordeko presidenteak.

Bilera hori gaur egingo dute; arratsaldean Grumaleko instalazioetan bertan batzartuko dira konkurtso administratzaileak, enpresa zuzendaritza eta langileen ordezkariak. "Kezka bada", esan dio BERRIAri Andone Arrieta LABeko ordezkariak. Baliteke administratzaileek inork entzun nahi ez duen albistea ekartzea, eta horren inguruan "bada beldurra", baina esperantza ere bai, "batzuetan gauzak une batetik bestera aldatzen dira eta".

Kontua da Grumalek kaudimengabezia daukala eta administratzaileek hartu dutela hura likidatzeko erabakia, itxura batean. Grumaleko beharginek greba mugagabeari ekin diezaiokete azkenean enpresa ixteko dosierra iristen bada.

Fagor Etxetresnak kooperatibak 2005ean erosi zuen Azpeitiko sukalde altzarien enpresa, atal horretan ere bere adarra edukitzeko. Grumaleko langileak kooperatibako bazkide izateko prozesuan sartuko zirela agindu zuen Fagorrek, baina urteak joan diren arren, langileek ez dute aurrera egin prozesu horretan, eta kooperatiba erori denean beste bazkide kooperatibistek duten babes mailarik gabe geratu dira. Administratzaileekin abenduan izandako bileran jakin zuten Fagorrek salgai zuela Grumal aspaldian; administratzaileek hori frogatuko luketen agiriak aurkitu dituztela esan zuten langile batzordeko iturriek.