Egunotan kaleratuko dute 2014ko kultur bonoa

Uztarria.eus 2013ko abe. 17a, 13:53

Imanol Amenabar Kultura zinegotzia, Xabier Aranbarri Sanagustineko kudeatzailea eta Kepa Urbieta Sanagustineko dinamizatzailea, gaur, kultur bonoa eskutan.

Aurtengo bideari jarraituz, 2014rako kultur bonoa kaleratuko du egunotan Sanagustin kulturguneak. Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea, Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea eta herritarrek abantaila ekonomikoak izatea dira bonoaren helburuak. Urteko bonoa izango da, eta 58 euro balio du.

Aurten lehen pausoak eman dituen bidea jarraiki, datorren urterako ere "kulturzaleen aldeko apustua" egingo du Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, eta 2014rako kultur bonoa eskuragarri izango da gaur-biharretan. Kulturguneko ordezkariek azaldu dutenez, "aurten landutako eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean. Ikuskizunei dagokioenez kantitate berdina eskaintzekotan gaude eta guztion gustuko gauza ekartzen saiatuko gara, barietatea eta oreka kontuan izanda, orain arte bezala". Aurten, 2013an, 24.000 pertsona baino gehiago izan dira Sanagustineko 90 kultur ekitaldietan.

Sanagustin kulturguneak eta Udalak elkarlanean kaleratu dute 2014rako kultur bonoa, eta Imanol Amenabar Kultura zinegotziak azaldu duenez, "azpeitiarrek herrian bertan gelditu eta halako kultur eskaintzaz gozatzeko aukera izatea bikaina da. Hori dela-eta, Udalak ez du dudarik egin kultur bonoa babesterakoan". Sanagustineko ordezkarien aburuz, berriz, "kultur bonoaren helburuak lortzeko bidelagun daukagu Udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metaketa, eta eskertzen diogu alboan izatea".

Hemen bonoaren inguruko zenbait argibide eta datu:

Bonoaren helburu

- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.

- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.

- Herritarrek bonoaren bidez abantaila ekonomikoak izatea.

Bonoaren ezaugarriak

- Urteko bonoa izango da, alegia, 2014koa.

- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.

- Urteko prezioa 58€koa da (iazko bonoaren berezko balioa 170 bat eurotakoa izan zen).

- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 29€tan eskuratu ahal izango dute.

- Txartelaren atzekaldean QR ikur bat daramate txartelek. Sanagustin kulturgunearen webgunera eramaten du, jabeak txartelaren erabilera kopurua jarraitzeko aukera izan dezan. Hau iazkotik egindako berrikuntza bat da.

- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.

- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da, kulturgunearen aforo kontuak direla-eta.

- Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira ekitaldira arte. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera.

Eskaintza

Hauetxek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:

- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.

- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.

- Jaialdi eta Topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.

- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

Martxoa bitarteko agenda

Kultur bonoa aurkeztearekin batera jakinarazi ditu martxoa bitartean aretoan izango diren ekitaldietako batzuk Sanagustin kulturguneak. Hainbat izango dira kultur ekitaldiak, eta "aipatutakoez gain, gehiago ere egongo" direla azaldu dute.

Hemen ekitaldi batzuk:

Urtarrila: Arkada social (disko berria aurkezten), Friday`s Crew eta Mac Onak taldeen kontzertua; Sahara isiltasunaren ahotsak antzerkia eta Kokakola eta barea antzerkia.

Otsaila: Capsula taldearen kontzertua (disko berria aurkezten); Pilotarhitza ikuskizuna; Depedro taldearen kontzertua (disko berria aurkezten); Metalhikaren kontzertua, Azpeitiko lagun batzuek talde handi horri egingo dioten bertsio gauean, kalderero egunean.

Martxoa: Figuranteak antzerkia eta beste bi kontzertu diskoak aurkeztera datozen bi euskal talderekin. Kontzertu horien berri ematerik ez dugu gaur, hala eskatu digutelako, baina datorren astean emango ditugu jakitera.