Merkataritza indarberritzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Bertanek

Uztarria.eus 2013ko aza. 28a, 10:21

Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak "merkataritza indarberritzeko" hitzarmena sinatu dute, "merkataritzaren egoera ikusirik, neurriak jartzeko beharra ikusi dutelako". Hitzarmena, Eneko Etxeberria alkateak eta Bertaneko lehendakari den Begoña Arrospidek sinatu dute, eta "Azpeitiko hirigunea biziberritu eta merkataritza eta zerbitzu gune bezala erabiltzea ezinbestekotzat" jotzen dute bi erakundeek. Horregatik, honako ekintzak egitea adostu dute:

1.- Hirigunea merkataritza erakarpen gunea bihurtzea. Erakargarritasuna eta irisgarritasuna indartzea merkataritza espazioan.

2.- Azpeitiko komertzioa berpiztea eta berritzea. Merkataritza eta herri-ekonomia bultzatzea. Azpeitian, industriaz gain, hirugarren sektore aberastasun eta lanpostu sortzaile indartsu bilakatzea (merkataritzatik haratago). Azpeitian bizi eta merkataritza erakargarria egin.

3.- Herritarrak bertan kontsumitzera bultzatzea. Herria bizitzeko lekuaz gain espazio ekonomiko gisa ulertzea. Merkataritza, aisialdia, hostalaritza, kultura, zinea, baserriko produktuak eta abar izan daitezela turismoa erakartzeko eta lana sortzeko.

4.- Merkataritzaren sektorea indartzeko beste arlo edo elementuekin duen lotura estutzea: turismoa, Alde Zaharrak duen balio historikoa indartu, ezagutza sortu, enpresa zerbitzuak herri gunean jarri eta abar.

5.- Gertutasuna eta espezializazioa bultzatzea. Merkataritzaren lehiakortasun maila bultzatu: formakuntzaren bitartez, profesionaltasuna indartu, teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna lortzeko.

6.- Komertzio txikien arteko elkarlana sustatzea. Indarrak batu, sektoreak bere osotasunean duen balioa indartuz.

7.- Alde Zaharra sendotu, hirugarren sektoreko elementu berriekin. Herritarrak erakartzen dituzten enpresak, zerbitzuak eta abar txertatu.