Libre Egunean parte hartzera deitu dute herriko hainbat eragiletako ordezkariek

Uztarria.eus 2013ko aza. 8a, 19:17
Frontoi Txikian agerraldia egin duten herritarrak, harria eskuetan duten 'Enbortxo'ren eta Izagirreren bueltan.

"Azken hilabete honetan epaitzen ari diren euskal herritarrei, bereziki Orkatz Kultur Elkarteari eta Olatz Izagirreri" euren "elkartasuna eta konpromisoa" adierazi diete Azpeitian eremu ezberdinetan lan egiten duten hainbat pertsonak.

Datorren asteko zapatuan, azaroak 16, Orkatz eta Olatz Libre Eguna egingo da Azpeitian, Madrilgo Auzitegi Nazionalean urrian abian jarri ziren bi makroepaiketetan auzipetutako herritarrei babesa emateko: Orkatz Kultur Elkartea 35/02 sumarioan edo herriko tabernen auziaren barruan ari dira epaitzen, eta Olatz Izagirre, berriz, 26/11 sumarioan, 2009ko Segiren aurkako sarekadaren ondoren auzipetutako 40 gazteei eragiten dien epaiketan.

Azaroaren 16koari begira, Azpeitian eremu ezberdinetan lan egiten duten hainbat pertsonak agerraldia egin dute, "azpeitiar oro" Libre Egunean parte hartzera deituz. "Azken hilabete honetan epaitzen ari diren euskal herritarrei, bereziki Orkatz Kultur Elkarteari eta Olatz Izagirreri" euren "elkartasuna eta konpromisoa" adierazi nahi izan diete kulturan, kirolean, irakaskuntzan edota sindikalgintzan aritzen diren hainbat lagunek, eta gauza bera egiteko gonbita luzatu diete herritarrei. Agerraldian ziren, Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatzeko lehendakaria eta Olatz Izagirre ere.

Agerraldian, "epaitzen ari direna beraien jarduera politikoa" dela nabarmendu eta epaituek izan ditzaketen ondorioak ekarri dituzte gogora: "Orkatz Kultur Elkartea behin betiko ixteko arriskuaren aurrean aurkitzen da, Olatzen kasuan sei urteko espetxe zigorrari egin behar dio aurre. Ezin dugu ahaztu, gainera, epaiketa hauek duten kostu ekonomiko ikaragarria, Madrilerako bidaiak eta egonaldiak direla, bi auziekin 1.000.000 eurotik gorakoa baita".

Euskal Herriak "garai politiko berriak" bizi dituela ere azpimarratu dute eragileetako ordezkariek, "eta garai berri hauetan inoiz baino zentzu gutxiago dute epaiketa politiko horiek. Epaiketa hauekin amaitzeko ordua da, konponbideari ateak irekiaz. Horregatik, auzipetuei gure elkartasuna adierazteaz gain, konpromisoak hartzeko garaia dela diogu, konponbide bidean eremu ezberdinetako pertsonak elkartuz". Norabide horretan "aukera ezinhobea" ikusten dute "Libre Egunean elkartzeko. Guztion elkartasuna eta konpromezua beharrezkoa da horrelako epaiketa bidegabeekin amaitu eta behin betikoz herri hau konponbidera eramateko".

Libre Egunaren egitaraua

Libre Egunerako behin betiko egitarauaren berri emateko ere baliatu dute eragileen agerraldia. Honakoa izango da:

  • 11:00. Herri jolasak eta Trailerraren apustua.
  • 14:30. Herri bazkaria txotxarekin, Berdura plazan.
  • 17:00. Pailazoak Sanagustinen. Kiki pailazoa, Katapuntxispun-festa.
  • 18:00. Ekimena eta ekitaldia: Eskutik eskura dabilen harriari goroldiorik ez...

 

          Ondoren, Skandalue elektrotxaranga herriko kaleetan.

  • 22:30. Kontzertuak: Cold revenge (Bergara), Los Galerna (Arrasate) eta Screamers & Sinners (Arrasate)