"Aurrekontuen azken eurora arte" Azpeitian inbertitzea eskatu du EAJk, Udalbiltzari emandako laguntza salatuz

Uztarria.eus | Udala
2013ko aza. 8a, 17:03

Udaleko jeltzaleen bozeramaile Aitor Gorrotxategirentzat "eskandalagarria" da Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari 15.000 euro ematea, "Azpeitiak une hauetan bizi duen egoera mingarriaren aurrean".

Azpeitiko Udalak Udalbiltza diruz laguntzeko hitzarmena onartu zuen azaroaren 5eko Udalbatzarrean. Udal Gobernuan dagoen Bilduren aldeko botoekin eta oposizioan dauden EAJren eta Hamaikabaten kontrakoekin onartu zuten hitzarmena.

Udalbatzarrean ezezkoa arrazoitzeko emandako argudioetan sakonduz, EAJren udal ordezkariek oharra plazaratu dute. "Aurrekontuen azken eurora arte" Azpeitian inbertitzea eskatzen dute jeltzaleek eta kritika zuzena egin diote Udalak Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari 15.000 euro emateari. EAJren udal bozeramaile Aitor Gorrotxategiren esanetan, "ez da bidezkoa azpeitiar guztien zerga eta tasen ordainketetatik datozen milaka euro" Udalbiltzara bideratzea, "udalgintzan oinarritzen den lehen euskal erakundea dela esanez, ezker abertzalearen orbitako hautetsiek osaturiko beste plataforma bat besterik ez denean".

Ildo berari jarraituz, Gorrotxategiri laguntza hori "eskandalagarria" iruditzen zaio, "Azpeitiak une hauetan bizi duen egoera mingarriaren aurrean, non familia asko aurkitzen diren ziurgabetasunean eta larrialdi ekonomikoan, lanpostuak galdu ondoren". Jeltzaleentzat, "lehentasunak garbi edukitzeko unea da eta hauek azpeitiarron ongizatea bermatzeko izan behar dute, udal aurrekontuak ahalbideratzen duten ahalmen ekonomiko guztiarekin".

"Ez da batere egokia -gaineratu du Gorrotxategik- esku batekin Eusko Jaurlaritzari udalentzako giza larrialdietarako diru publiko gehiago eskatzea, beste eskuarekin Oiartzunen egoitza duen Udalbiltzari 15.000 euro ematen dizkion bitartean", Bilduri zuzendutako kritikan.

Bidali:  

Erantzunak

nekane | 2013-11-08 : 23:25

Soreasun 15.000 euro ez, herritarren milioika euro gastatu zituen EAJk, ALFER ALFERRIK!

Inguruko herrietan poligono industrialak egiten (azkoitia, arroa-behea) ari ziren bitartean zer egin zuen EAJk azpeitian? Eraikuntzari lotutako industria dugu gurean, eta horri ez zaio buelta erraz emango.

Espainia lastre bat da euskaldunontzat. Eta horregatik, Azpeitia ez ezik Euskal Herria ere eraiki behar dugu. Ala ez?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu