Barcinari tartak bota zizkiotenei elkartasuna adierazteko ekintzak egingo dituzte Azpeitian

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko aza. 5a, 11:51
Barcina tartakatu zuten hiru lagunek, Tolosan ospatzen ari ziren osoko bilkuran, 2011n. (AHTaren kontrako plataforma)

Abiadura Handiko Trenaren kontrako protesta gisa 2011. urteko urrian Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari tartak bota zizkioten ekintzaileei babesa emateko ekimenak egingo dituzte Azpeitian eta Azkoitian. Hala nola, tartalariek hitzaldia eskainiko dute asteazkenean eta elkarretaratzea egingo dute ostegunean, plazan.

Abiadura Handiko Trenaren kontrako protesta gisa 2011. urteko urrian Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari tartak bota zizkioten Mugitu! desobedientzia mugimenduko hiru ekintzailek, Pirinioetako Lan Komuniatea Tolosan (Okzitania) egiten ari zen osoko bilkuran. Tartalariak aretotik kanporatu zituzten, atxiloketak eta identifikaziorik egin gabe. Nafarroako Foruzaingoak, ordea, tartalariak atxilotu eta "agintarien aurkako atentatua" egitea leporatu zioten. Tolosako protestaren berri emateko prentsaurrekoan parte hartu zuen beste lagun bat ere auzipetuta dago.

Horrenbestez, hil honetan epaituko dituzte. Hilaren 18an hasiko da epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Fiskaltzak bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorra eskatua du lau auzipetuentzat, atentatu delitua leporatuta.

Auzipetuekin bat egiten duten herritar batzuk hainbat ekimen antolatu dute datozen egunetarako Azpeitian eta Azkoitian, haiei babesa emateko asmoz. Lortutako dirua haiei emango diete, auziak eragin dizkien gastuei aurre egiteko.

Ekimenetako bi Azpeitian izango dira. Bihar, asteazkena, izango da lehenengoa. Hitzaldia eskainiko du tartalariek Sindikatu Zaharrean, 19:00etan hasita. Hilaren 12an, berriz, epaiketa salatzeko elkarretaratzea egingo dute 12:00etan, Azpeitiko plazan.

Azaroaren 15ean kontzertuak izango dira Azkoitiko Matadeixen. Satorrak, Gaitze eta Walkmans Azkoitiko eta Azpeitiko taldeek eskainiko dituzte kontzertuak, 22:30eatik aurrera. Azaroaren 16an manifestazio nazionala dago deituta Iruñean, eta auzipetuei elkartasuna adieraztera joateko dei egin diete herritarrei. Horrez gain, hilaren 18an, astelehenean, epaiketara joateko autobusa antolatzeko asmoa dutela adierazi dute.

Azkoitiko eta Azpeitiko ekimenen antolatzaileek uste dute "ulergarriak" eta "zilegiak" direla halako "ekintza herrikoiak". "Finean, egitasmo kaltegarriak ezkutatuz inposatu duten proiektu txikitzailearen aurka protesta egiteko bide justua da hori". Izan ere, horien esanetan AHT-a "ekologikoki suntsitzailea" da, eta "ekonomikoki porrot egin du". "Lurra erasotu, energia xahutu, zarata arazo larriak sortu, hiper-mugikotasuna areagotu eta herri txiki nahiz hiri ertatinen kaltetan lurraldea hirigune handitan zentralizatuko duen garraiobide elitista da”, adierazi dute. Horien arabera, azpieguta lanetarako "diru kopuru itzelak" gastatu dituzte proiektuaren baitan. Gainera, azken 25 urtetan AHT-aren kostu soziala, ekonomikoa eta ekologikoa “nahita ezkutatzen" aritu direla leporatu diete  agintariei; "agintariengandik sumatzen dugun nagusikeria eta engainuzko jarrera nabarmena du Barcinak".

Aldiz, tartalariei ezarri nahi dieten zigorra gehiegizkoa deritzote: "Mendebaldeko inongo herrialdetan ez dago hemen bezalako kriminalizaziorik. Agintariei tartak botatzea lege-hauste arin gisa ebazten da nonahi, eta apenas du ondorio judizialik". Hala, AHT-ren lanak gelditzeko eta auzipetuen kontrako epaiketa bertan behera geratzeko exijitu dute. Gainera, salatu dute "edozein kasutan ere" epaiketa gertakariaren lekuan, Tolosan, egin beharko luketela, eta ez Espainiako Auzitegi Nazionalean; "epaiketa honek injustizia penalaren osagarri guztiak biltzen ditu. Auzitegi Nazionala bezalako salbuespeneko auzitegia erabiltzen dute disidentzia soziala zigortzeko, eta kode penala gero eta zapaltzaileago ezartzen dute, desobedientzia zibila kriminalizatzeko".