Olatz Izagirre eta beste 39 gazte epaitzen hasi dira gaur Auzitegi Nazionalean

Berria.info, Uztarria.com 2013ko urr. 14a, 13:36

Goizean deklaratu du Izagirrek, eta "gure lana erabat politikoa izan da", esan du. 10:30ak pasata hasi da epaiketa, eta epaiketara deitutako lau gazte ez dira joan Auzitegi Nazionalera. Asteazkena bitartean egingo dituzte auzi saioak, ondoren, azaroan eta abenduan jarraitzeko. Izagirre Madrilen izango da asteazkena bitartean. Seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak auzipetuentzat. Oihana Elduaien Berria egunkariko azpeitiar kazetariak Madrilgo Auzitegi Nazionaletik zuzeneko kontakizuna egin du Twitterren. Azken ordukoa (14:41): Bukatu da gaurko auzi saioa, eta hamar auzipetuk deklaratu dute. Bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etatik aurrera.

Gaur, astelehena, 10:30ak pasata hasi da Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena; 26/11 sumarioan auzipetutako 40 gazteren kontrako epaiketa. Berrogei gazte epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan, Segiko kide izatearen akusaziopean; tartean, Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna. Auzipetutako lau gazte ez dira joan auzitegira, baina epaiketarekin jarraitzea erabaki dute, eta lauren kasua eztertuko dela esan du epaimahaiburuak.

Seina urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak (denera, 240 urtekoa), batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Hiru saio egingo dituzte egunotan (gaur, bihar eta etzi) eta Olatz Izagirre deklaratzen bosgarren izan da gaurko saioan. Izagirrek uko egin dio fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzuteari, eta defentsako abokatu Aiert Larrarteren galderei erantzun die. "Lan politikoa egin" izana aldarrikatu du. Horrez gain, azaldu du Lapurdira joan zela torturatua izatearen beldur zelako. Auzipetuen deklarazioak irakurtzeko egin klik hemen.

14:40ak aldean bukatu da gaurko auzi saioa. Guztira, hamar auzipetuk deklaratu dute gaur, eta bihar jarraituko du epaiketak, 10:00etatik aurrera. Izagirre Madrilen izango da asteazkena bitartean. Ondoren, azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke.

2009ko azaroan polizia operazio zabala egin zuten azaroaren 24ko gauean Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23 gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.

Orduko polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta 2010eko maiatzaren 6an atxilotu zuen frantziako poliziak Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.

2010eko ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak, eta orduan Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an utzi zuten baldintzapean aske, 12.000 euroko fidantza ordainduta.

2009an abiatutako hausnarketaren ondoren, iazko ekainean egin zuen publiko Segik bere burua desegiteko erabakia. "Tresna gisa agortuta" zegoela azaldu zuen, eta gazte mugimenduan antolatzera deitu.

'Herriko tabernen auzia'

Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan auziperatutako 40 gazteen epaiketa hasi eta hiru egunera, ostegunean, izango da herriko tabernen auziaren lehenengo saioa. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago. Hori dela-eta, auzipetutako 40 laguni bezala, tabernetako ordezkariei ere deklarazioa hartuko diete. Hala, Xabier Arrizabalaga Enbortxo Orkatz Kultur Elkarteko ordezkari moduan izango da Madrilen, datorren hilaren bukaera aldera.

Manifestazioa ostegunean

Olatz Izagirreren eta beste 39 auzipetuen kontrako epaiketa nahiz Herriko tabernen auzia salatzeko, manifestazioa deitu du Azpeitiko Libre dinamikak ostegunerako. 19:30ean izango da, plazatik abiatuta, Olatz eta Orkatz libre! lelopean.