Libre dinamika abian da Azpeitan

Uztarria.eus 2013ko ira. 13a, 20:42
Libre-ren aurkezpena, ostegunean, Sanagustinen. Mahaian, ezkerretik eskubira, Arzallus, Iparragirre, Izagirre eta Orbegozo.

Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kideen kontrako epaiketen bueltan Euskal Herri mailan sortu den ekimenaren baitan hainbat ekimen aurreikusten dituzte herrian. Eragile eta norbanakoen konpromisoa eta ekarpenak jasotzeko lanean hasiko dira laster. Ostegunean batzar irekia egingo dute. "Laguntzeko edota ekarpenak egiteko prest dagoena, batzarrera gertura dadila, harremanetan jartzeko".

"Ez dago jokoan soilik auzipetuen askatasuna. Herri oso baten libre bizitzeko eskubidea da jokoan dagoena", esan zuen Aritz Arzallusek atzo, osteguna, Azpeitian Libre dinamika aurkezteko Sanagustinen eginiko agerraldian.

Arzallusek Libre-ren ildo nagusiak azaldu zituen, urrian hasiko diren Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kideen kontrako epaiketen bueltan Euskal Herri mailan sortu den ekimenaren berri emanez. Ondoren, aipatutako bi auzietan Azpeitian inplikatuta daudenek hartu zuten hitza: Aitzol Iparragirrek Herriko tabernen auzia-n tartean den Orkatz Kultur Elkartearen kasua azaldu zuen, eta Segiko kide izateagatik epaituko duten Olatz Izagirrek, berea.

Maila nazionalean ez ezik, Libre dinamika herriz herri bultzatzen ari dira, "Euskal Herria konponbidean jarri nahi dutenen olatua" sortzeko helburuarekin. Azpeitian ere bada dinamika herrira ekarri eta bertan garatzeko lanean ari den jendea, eta horien izenean azaldu zituen Garikoitz Orbegozok dituzten asmoak.

"Dinamika potentea"

Orbegozok egin asmo dutenaren "eskema orokorra" azaldu zuen. "Izan ere, talde murritz bat elkartu gara hau martxan jartzeko, baina duen izaera emateko askoz jende gehiago beharko da".

Horrenbestez, herriko eragile zein norbanakoak Libre-ra batzeko pausoak ematen laster hasiko dira. Libre manifestuarentzat atxikimenduak batzea izango dute eginkizunetako bat: "Eragile, norbanako, koadrila... ezberdinengana joango gara, atxikimendu bila. Baina, harago joanez, puntualki zein iraunkorki ekarpenak" ere eskatuko dituzte, atxikimenduaz gain herritarren "konpromisoa" bultzatu nahi dutelako. Horretarako, era berean, "ekimen parte-hartzaileak" antolatu nahi dituzte; horietako bat azaro hasieran -data zehaztu gabe dute- herrian egin nahi duten Libre Eguna litzateke. Urriaren 17an Azpeitian bertan manifestazioa egitea ere aurreikusten dute. Bestetik, Lekeition irailaren 29an izango den Elkartasun Eguna eta urriaren 26an Bilbon egingo den manifestazio nazionala ere gogora ekarri zituen Orbegozok.

Urrian Madrilen hasiko diren bi makro-epaiketek luze joko dute eta horrek, bestelako ondorioen artean, zama eta galera ekonomikoa ere ekarriko die epaitutakoei. Hori dela eta, Libre dinamikaren barruan, epaiketek eragingo dituzten gastuei aurre egiteko diru-ekarpenak ere jaso nahi dituzte. 10 euroko laguntza-bonoak salagi jarriko dituzte Euskal Herri osoan, horietatik 400 Azpeitian. libre.epaiketarikez.org webgunean ere egin daitezke diru-ekarpenak.

Eragileekin harremanak lantzeko, arlo ekonomikoa sustatzeko edota dinamikaren inguruko komunikazio kanpaina lantzeko hainbat herritarren ekarpenak eta parte-hartzea ezinbestekoak izango direla azaldu zuen Garikoitz Orbegozok: "Ikusten duzuenez, oso dinamika potentea da, jende asko beharko duena. Polita izango da, eta jendea parte hartzera animatu nahi dugu".

Batzar irekia, ostegunean

Aipatutako asmo guztiei forma ematen hasteko, datorren ostegunerako, irailak 19, batzar irekia deitu dute. Tokia datozen egunetan zehaztuko dute; hitzordua, berriz, 19:00etan izango da. "Laguntzeko edota ekarpenak egiteko prest dagoena, batzarrera gertura dadila, harremanetan jartzeko".