Udal Euskaltegiak zabalik dauka izena emateko epea

Uztarria.eus 2013ko ira. 6a, 19:47

30 ikastarotik gora dituzte aukeran, euskalduntze eta alfabetatze maila desberdinak eta 4. mailako ikastaroa tartean. Irailaren 30ean bukatuko da matrikulatzeko epea.

Euskal Herriko gainerakoek bezala, Azpeitiko Udal Euskaltegiak ere irekita dauka 2013-2014 ikasturtean euskara ikasi edota hobetu nahi dutenentzako izena emateko epea.

30 ikastarotik gora dituzte aukeran, euskalduntze eta alfabetatze maila desberdinak eta 4. mailako ikastaroa tartean. "Azpeitiko Udal Euskaltegian izena eman eta behar den maila eskuratuz gero, ikasleek HABEren lau mailatako azterketetara joateko aukera izango dute. Honela, ikasle horiek, behin azterketa gaindituz gero, balio ofiziala izango duten tituluak eskuratu ahal izango dituzte", azaldu dute euskaltegiaren arduradunek.

Irailaren 30ean bukatuko da matrikulatzeko epea. Eskolak, berriz, taldeak osatu ahala hasiko dituzte, hilaren 16tik aurrera.

Udal Euskaltegiaren ikasturte berrirako eskaintzaren, diru-laguntza sistemaren eta izena emateko xehetasunen gaineko informazio osoa Erabili.com webguneko Gurien atalaren lotura honetan aurki daiteke.