Adineko pertsonentzat turismo programa antolatu du IMSERSOk

Uztarria.eus 2013ko eka. 26a, 12:59

Mota desberdinetako bidaiak eskainiko ditu Adinduen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak: kostako turismoa, zirkuitu kulturalak eta naturan ibilbide desberdinak. Izena uztailaren 12a baino lehen eman beharko da. Hala ere, izena emateko bigarren aukera izango da abenduaren 1a bitartean, eta horiek libre gelditzen diren plazak beteko dituzte. 

Adinduen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) adineko pertsonentzat turismo progama antolatu du. Mota desberdinetako bidaiak eskainiko dituzte: kostako turismoa, zirkuitu kulturala Espainiako hainbat toki ezagutzeko eta naturan ibilbide desberdinak. Programan parte hartu ahal izateko IMSERSOko webgunean azalduta dauden zenbait baldintza bete beharko dira. 

Eskaera bidaltzeko azken eguna uztailaren 12a izango da. Hala ere, bigarren aukera bat egongo da: eskaera abenduaren 1a baino lehen bidaltzen dutenek libre gelditzen diren plazak beteko dituzte. 

Lehenengo aldiz parte hartu nahi dutenek eta, bidaiatzeko eskaera egin arren, denboraldi batean bidaiarik egin ez dutenek egin beharko dute eskaera. Aldiz, aurreko denboraldian bidaiatzeko akreditazioa eduki zutenek, ez dute eskaerarik egin beharko, IMSERSO jarriko baita pertsona horiekin harremanetan. 

Eskaera IMSERSOren webgunean on line egin daiteke, edo bestela, Internet bidez inprimatu eta ondoren datuak beteta INMERSOren korreora bidaliz. Laguntza behar duenak udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jo beharko du.