Anjel Oiarbide: "Garaiak bat egiten du Europa mendebaldeko beste nazio batzuen ziklo hasierarekin"

Uztarria.eus 2013ko eka. 25a, 19:51

Ostegun honetan, hilak 27, aurkeztuko da Gure Esku Dago, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika, Azpeitian. Sanagustin kulturgunean izango da aurkezpena, 19:00etan hasita. Aurkezpenean Anjel Oiarbidek dinamikaren sustatzaile eta Nazioen Munduko kideak emango ditu azalpenak, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du. Oiarbideren aburuz, "erabakitzeko eskubidearen inguruko mugimenduaren helburua da herritarrak martxan jartzea, aktibatzea".

Ekainaren 8an aurkeztu zuten Gure Esku Dago dinamika Irungo Fikoban, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko. Asteotan herriz-herri ari dira dinamika aurkezten, eta ostegun honetan, hilak 27, izango da Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Aurkezpenean Anjel Oiarbide (Idiazabal, 1974) dinamikako kidea izango da azalpenak ematen, eta Uztarria.com-ek Gure Esku Dago ekimenaren inguruan hitz egin du berarekin.

Zer da Gure Esku Dago dinamika?

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen edo autodeterminazio eskubidearen alde herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekimena da. Euskal Herrian badaude herri eta eskualde desberdinetan erabakitzeko eskubidea jorratzen ari diren talde eta gizabanakoak, eta Gure Esku Dago guzti horien txapela da. Badakigu bakoitza bere aldetik zer lortzeko gai garen, eta Gure Esku Dago horiek guztiak elkartuta eta estrategia amankomun bat jarrita norabide berdinean elkarrekin zer lortzea izango genukeen ikusteko balioko digun entsegu bat da. Hori litzake dinamikaren asmoa eta ekina.

Finean, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua da, eta herritarrak martxan jartzea da helburua. Herritarrak aktibatzea.

Herritarrak dira dinamikaren protagonista, baina nondik nora sortu da Gure Esku Dago?

Erabakitzeko eskubidearen inguruan lanean ari direnen artean egindako hausnarketa bat izan da sorburua. Tartean, Goierriko ekimena, Nazioen Mundua dago. Guk ikusten duguna da, momentu historikoan gaudela Euskal Herrian. Ziklo berri batean, non parametro desberdinek bat egiten duten, eta horrek egoera berezi bat bizitzea eragiten duen.

Euskal Herrian ziklo berri baten hasieran gaude. Nahiz eta uhina oraindik ez den altxatu, zikloa hasita dago. Gainera, garaiak bat egiten du Europa mendebaldeko beste nazio batzuen ziklo hasierarekin. Hala nola, Flandriarekin, Eskoziarekin eta Herrialde Katalanekin. Une paregabea da indar guzti horiek aprobetxatzeko. Izan ere, beste nazio batzuetan sortzen ari den mugimenduak aukera ematen du-eta, Euskal Herrian sortzeko.

Metafora batekin azaldu daiteke guztia: Itsasontzi batek itsasoan ibiltzeko eta bertako haizea aprobetxatzeko behar beharrezko ditu ohial sendo eta zabalak. Euskal Herrian ere berdina egin behar dugu. Datozkigun haize eta indar guzti horiek, haize horiek badatoz, aprobetxatzen ditugu edo ez, baina badatoz, Euskal Herrian gizabanako eta herri sare zabal, anitz eta sendoa, sortzeko aprobetxatu behar ditugu. Euskal Herrian egoera paregabea daukagu, lur ongarritu batean ari gara hau guztia egiten.

Herriz-herri jarriko da abian dinamika. Nolako funtzionamendua izango du?

Asmoa da orain, ekainean, hirurogei aurkezpen baino gehiago egitea Euskal Herrian. Hasita daude jendaurreko aurkezpenak eta datorren astean bukatuko dira. Asko oso arrakastatsuak izan dira, eta herri bakoitzean edo eskualde bakoitzean lan taldeak sortzea da helburua.

Proposamen batzuk plazaratzen ditugu, horrelako topaguneak sortzeko eta elkarlana sustatzeko. Proposamen horiek beste esperientzia batzuk kontuan hartuta (Goierrikoa, adibidez) egin ditugu eta hori guztia lortzeko zer pauso eman ditzazketen mahaigaineratu dugu.

Hori bai, dinamikaren funtzionamendua denon artean erabakiko dugu. Guk ikusten dugu elkarlan bat behar dela bai herri bakoitzeko desberdinen artean, baina baita herri bakoitzeko talde desberdinen artean ere, eta horiek koordinatuta egon behar dute. Koodinazio hori lortzeko eta guzti hori engranatzeko bi ekimen jarri dira martxan.

Dagoeneko bat dago abian; hurrengo urteko ekainaren 8an, Durango eta Iruña lotuko dituen giza katea. Martxan hasteko behar-beharrezkoa da erronkak jartzea mahai gainean, eta horren karietara asmoa da Azpeitian edo eskualdean sortzen hastea elkarlan gune hori. Amankomuneko oinarri bat sortu, eta oinarri horren gainean elkarlana martxan jartzea, alegia.

Datorren urtean giza kate horrez gain, Euskatalba ere egingo da.

Proposatzen da hurrengo urteko Aste Santuan jaialdi nazional handi bat egitea. 2014. urtean, Eskozian zein Herrialde Katalanetan erabakitzeko eskubidearen inguruko erreferenduma egingo den urtean, egingo da horrek guztiak gugan eragin dezan. Asmoa da Eskozia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanen arteko  jaialdia antolatzea Donostian. Jaialdia topaketa handi bat izango da, eta kultura eta kirola uztartuko ditu, besteak beste.

Eta gero zer? Hau da, noraino iritsiko dela uste duzu Gure Esku Dago dinamika?

Hori gure esku dago. Guk jartzen dugun erronka gure esku dago. Jarri dezagun erronka eta hasi gaitezen pausoak ematen.