Euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu dute EH Bilduko alkate eta zinegotziek

Uztarria.eus 2013ko eka. 4a, 13:02
Urola Erdiko EH Bilduko alkate eta zinegotziek plazan egin zuten agerraldia atzo.

"Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da. Zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dago egiteko normalizazio arloak, elkarbizitzan, biktima guztien aitorpenean... baina inolako aurrerapausorik ez da eman presoen eskubideei dagokionez", azaldu dute.

Urola Erdiko EH Bildu koalizioko zinegotzi eta alkateek euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu dute, eta haien berri eman zuten atzo, astelehena, Azpeitiko plazan. Agerraldian azaldu zutenez, "joan den urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde egindako manifestazioaren leloak (Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira) zehatz laburtzen du euskal gehiengo politiko eta sozialaren exijentzia".

Bestalde, "herri interpelazioa erraldoia suposatu zuen mobilizazioak", azaldu dute: "Espainiako eta Frantziako gobernuak interpelatu ziren, eta baita eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak ere. Euskal gizarteak konpromisoak eskatzen dizkigu; sakabanaketarekin amaitzeko, giza eskubide guztiak aitortzeko eta konpromisoak errespeturako, gatazkaren konponbiderako nahiz bakeraren eraikuntzarako".

EH Bilduk aldarrikapen horiek "lehentasunezkoak" direla azaldu du, "bidezkoak izateaz gain, gizartearentzat ere garrantzitsuak direlako": "Presoen eskubideen inguruko adostasuna dago euskal gizartean. Euskaldunok jakin baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela".

"Gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da. Zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dago egiteko normalizazio arloak, elkarbizitzan, biktima guztien aitorpenean... baina inolako aurrerapausorik ez da eman presoen eskubideei dagokionez", azaldu dute.

Guzti hori dela-eta, EH Bilduko zinegotziek eta alkateek, euskal presoen alde, honako konpromisoak beteko dituztela jakinarazi dute:

  • Herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatzea hilabeteko epean eta sei hilabetero berritzea.
  • Hasierako dosierra Instituciones Penitenciariasera, Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Ministerioetara eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igortzea bertan jasotzen diren eskubide-urraketak ekiditeko eskatuz.
  • Herriko presoekin bisita erronda ofizialari ekitea.
  • Herriko presoei udal erabakiak eta udalak argitaratu edo ateratako materialaren ale bana bidaltzea.
  • Hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartzea modu ofizialean.
  • Udaleko ordezkari gisa parte hartzen duten ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duen txartela eramatea.
  • Preso gaixoak dauden herrietan alkateen taldean parte aktiboa hartzea presoa etxeratu arte.
  • Hiru hilabetean behin herriko presoen senideekin bilerak egitea, egoeraren berri zuzena izateko.
  • Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak eman ahal izateko araudia onartzea.
  • Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea beraien bilerak edo lanak egin ahal izateko.