Floren Nazabal nagusi, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan

Uztarria.eus 2013ko eka. 3a, 14:19

Bigarrenari, Aitzol Atutxari, hiru minutu inguruko aldea atera zion etxarriarrak. Urrezko Aizkolarien aurretik 18 urtez azpikoen eta 23 urtez azpikoen txanda izan zen eta Otaño eta Erasun nagusitu ziren, hurrenez hurren.

Atzo, igandea, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako finala jokatu zen Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita. XVI. edizioa zen aurtengoa, eta Floren Nazabal nagusitu zen. Sei probatan hamabi enbor ebakitzeko 25 minutu eta 41 segundo behar izan zituen etxarriarrak. Haren atzetik, hiru minutura (00:28:46), Aitzol Atutxa izan zen, eta Joseba Otaegi sailkatu zen hirugarren. Azkenengo postuan, laugarren, Leitzako Jon Rekondo izan zen.

Floren Nazabal etxarriarrak zortzigarren txapela lortu zuen igandean, eta aurtengo denboraldian sasoi betean dagoela erakutsi ere bai. Izan ere, Euskal Herriko aizkolari txapelduna eta Eusko Label Binakako Txapelketako finalista izan da aurten.

Otaño eta Erasun nagusi

Urrezko Aizkolarien aurretik 18 urtez azpikoen finala jokatu zen, eta nor baino nor aritu ziren Eneko Otaño, Iker Vicente, Oier Kañamares eta Julen Larrea. Otaño nagusitu zen finalean, eta 11:17 minutu behar izan zituen proba bukatzeko. Bigarren Vicente sailkatu zen (00:12:49), hirugarren Larrea (00:14:09) eta Kañamares izan zen laugarrena (00:15:53).

Horien atzetik 23 urtez azpikoen txanda izan zen. Ander Erasun izan zen proba bukatzen azkarrena (00:24:20). Gero, haren ostean, Julen Kañamares sailkatu zen (00:26:40).