M-30, greba orokorra

Azpeitiko Ernai, Azpeitiko Ikasle Taldea eta Azpeitiko Gaztetxea 2013ko mai. 29a, 15:02

Gaur egun bizi dugun egoera sozioekonomiko larri hau, kapitalismoaren alderik basatienaren erakusleiho dugu. Sistema kapitalistak, krisiaren aitzakia erabiltzen ari da bere burua sustatu eta sistemaren bermea lortu ahal izateko. Honela, krisiaren babesean, banku eta multinazional handiek dirua egin eta herri xehea zapaltzen jarraitzen dute. Klaseen arteko aldea handitu eta boterea dirudun enpresarien eskuetan utziz. Gobernu espainol zein frantsesak, beren borondatez eta europar batasunaren aginduei men eginez, erreforma itzelak ezartzen ari zaizkigu. Azken hamarkadetan langileen borrokaz lortutako eskubideak deuseztatu eta berriro lehengo egoerara bueltatzeko asmoak agerian utziz.

Egoera honetan, gazteria berriro ere jo puntuan dago. Sistemaren onurarako eta gure eskubideen aurkako lege eta erreformen bitartez, gure etorkizuna suntsitu eta sistemaren nahietara bideratu nahi gaituzte. Honela, euskal gazteriaren zati handi batek atzerrira joan behar izan du, hemen ez baitigute etorkizunik ziurtatzen. Werten erreformaren bidez euskal gazteriari ikasteko baldintzak okertu eta frankismo garaiko eskola inposatu nahi digute. Gainera, elitearen esku utzi nahi dituzte ikasketak, ikastea dirudun jendearen esku utziz. Lan baldintzak ere geroz eta okerragoak dira eta gazteriak ez du etxetik irteteko eta bere bizi  proiektuak aurrera eramateko aukerarik. Baldintza prekarioen ondorioz, gazteok lanean orduak eta orduak eman beharra daukagu soldata miserable bat eskuratu ahal izateko; eta hori suertea baldin badugu. Izan ere, esplotatuta ez bada, lana lortzea ezinezko zaigu.

Honen guztiaren aurka eta sistema kapitalista deuseztatu ahal izateko, euskal gazteriak erantzun beharra dugu. Horretarako, greban eta bertako ekimenetan parte hartuz, gobernuei herriaren nahiak zein diren erakutsi behar dizkiegu. Grebarekin gizartea antolatu eta guztion arteko babesarekin herriak ez duela deus barkatuko erakutsi behar dugu. Beraz, goazen guztiok eskutik eta eraiki ditzagun alternatibak. Herriak ezin du kapitalismoaren esklabo bilakatu. Hori horrela gerta ez dadin, eraldaketa herritik eman behar dugu eta lehen pausua maiatzak 30eko greba izango dugu. Gauzak aldatzera goaz! Herriak herritik herriarentzat! Bizi eredu berri baten hasieran gaude eta guztion parte hartzea garrantzitsua izango da. Beraz, gazte mugimenduak bat egin eta grebaren baitako ekimenetan parte hartzeko deia egiten dugu. Gure errealitatea eraldatu eta alternatibei indarra emanaz. KALEAK GUREAK DIRA! HERRIA HERRIARENA! GUZTIOK BATERA LORTUKO DUGU!

Beraz, Greba Batzarrak deituriko ekimenekin bat egin eta berauetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.