Negoziazioa Euskal Herrira ekartzea eskatu dute Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko langileen ordezkariek

Uztarria.eus 2013ko mai. 16a, 14:04

Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko langileek pankarta eskegi zuten Gallardok Madrilen dituen bulegoetan. (LAB sindikatua)

Herenegun, asteartea, Corrugados Azpeitiako eta Corrugados Lasaoko langileen ordezkariek bilera egin zuten Madrilen, Gallardo Taldeko buruekin. Azpeitiko eta Lasaoko langileak kaleratzeko Gallardo Taldeak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren (LET) negoziaketen barruan, hirugarren bilera izan zen asteartekoa.

LABek jakinarazi duenez, "negoziazioak Euskal Herrira ekarri eta negoziaketa horiek benetakoak izan daitezela aldarrikatu dute Lasaoko eta Azpeitiko lantegietako ordezkariek". Madrilen egiten ari diren bilerak "jada hartuta dagoen erabaki baten kudeaketa besterik ez" direla salatu dute: "Prozesu administratibo bat martxan jarri da, ustezko negoziaketa baten itxura emanaz, baina edukiz hutsa da, lantegi bakoitzaren egoera benetan aztertu eta bakoitzari benetako alternatiba eskaintzeko asmorik ez du jasotzen".

LABek esan du Gallardo Taldeak estatuko lau lantegietarako espediente bakarra aurkezteak "presio politiko-sindikala txikitzea" eta "mobilizazioen presioa eztabaidagunetik ahalik eta gehien urruntzea" nahi duela.  Modu horretan, "Madrilen, eroso dagoen tokian garatu nahi du negoziazioa".

Azpeitiko eta Lasaoko lantegiez gain, Extremadurako Jerez de los Caballeroseko Ferromallas eta Siderurgica Balboako langileei eragingo die kaleratzeko Lana Erregulatzeko Txostenak (LET). Lau enpresa horietako batzordeetako ordezkariek eskatu dute lau negoziazio egiteko. "Lau negoziazio egitea eskatzen dugu, ez bakarra, lantegi bakoitzean txostenak arrazoi eta eragin desberdina duelako". Eskakizun horri ezezkoa eman dio Gallardo Taldeak, eta LABek azaldu duenez, "negoziaketa bakarra eta bera Madrilen egitea inposatu du".

Hurrengo eta kontsulta epearen baitan egindako bilera errondako azkena, hilaren 23an, osteguna, izango da.