Inika V. Jardunaldiak egingo dituzte ostegunean Sanagustinen

Uztarria.eus 2013ko mai. 15a, 19:23

Azpeitiko Ukabi eta Azkoitiko ElkarMedia enpresek sortu eta garatutako plataforma da Inika, Internet bidez ikastetxeen kudeaketa akademikoa aurrera eramateko. Irakaskuntza arloko 250 bat lagunek hartuko dute parte Azpeitian egingo duten jardunaldian.

Ukabik eta Elkarmediak orain dela hamabost urte jarri zuten abian Inika proiektua (www.inika.net). Proiektuaren arduradunen esanetan, kudeaketa akademikoaren esparruan gaur egun Euskal Herrian gehien erabiltzen den tresna da Inika. "180 ikastetxetik gora eta milaka irakasle eta familiak erabiltzen dituzte plataformak eskaintzen dituen zerbitzuak", diote. Urola bailaran ere badituzte erabiltzaileak, hala nola Urola Ikastola eta Azkoitiko Xabier Munibe. "Datorren urteetan Inikak izango duen erronka nagusia Euskal Herritik kanpora irtetea" dela diote arduradunek. Horretarako, internazionalizazio prozesua martxan jarri dute jadanik, Loiola Berrikuntzaren eskutik.

Bihar, osteguna, Sanagustinen egingo dutena prestakuntza jardunaldia da. Bertan, Hezkuntza sailaren aplikaziora noten esportazioa modu egokian egiteko jarraitu beharreko pausoak erakutsiko dituzte.