Lantegia ixteko arriskuan dagoela uste dute Corrugados Lasaoko langileek

Uztarria.eus 2013ko mai. 3a, 12:32

Lasaoko enpresak merkatua baduela, bideragarria dela eta etorkizuna duela esan dute langileek. Mobilizazioekin hasi dira, eta aurrerantzean, egoerak horrela jarraitu bitartean, elkarretaratzeak egingo dituzte astearte eta ostegunetan, Lasaoko lantegi ondoko errepidearen alboan, 13:30etik 14:30era bitartean.

Atzo, osteguna, prentsaurrekoa eskaini zuten Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeko ordezkariek eta langileek, Gallardo Taldeak hartutako erabakien aurrean balorazioa egiteko. Joan den apirilaren 23an aurkeztu zion Alfonso Gallardo Taldeak 68 langiletik 38 kaleratzeko proposamena Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeari, eta horien arabera, "enpresa ixteko arrisku larria aurreikusten dugu".

Lasaoko enpresaren egoera Gallardo Taldea ari dela bideratzen eta aurrez prestatutako estrategia  baten oinarrituta ari direla galbidera eramaten azaldu dute langileek. Izan ere, Lasaoko lantegiak etorkizuna baduela nabarmendu du Enpresa Batzordeak. Horien ustez, "erabaki hau ez da egun batetik bestera hartutakoa, eta ez da Gallardok eman dizkigun arrazoi polit eta koherenteetan oinarritzen; erabaki organizatibo argi eta garbia dago guzti honen atzean".

Langileak kaleratzeko hartutako erabakia arrazoitzeko enpresak Espainiako merkatua aipatzen duela esan dute Lasaokoek: "Baina, datuak eskuartean, argi eta garbi, Corrugados Lasaoren merkatuaren %70 Espainiatik kanpo dago, batez ere Frantzian". Horren erakusle da, 2011n Lasaoko lantegiak 64 milioi euro fakturatu izana; 19,8 Espainian eta 44,4 Frantzian. Iaz, berriz, 43,7 milioi euro fakturatu zuen; 6,8 Espainian eta 36,8 Frantzian.

Lasaoko enpresa eraikuntzaren gainbehera hasi zenean "tinko" mantendu zela nabarmendu dute Enpresa Batzordeko ELAko ordezkari Imanol Larrañagak eta LABeko Mikel Sasiainek. "Lan karga handiarekin segitu genuen, ikaragarrizko ekoizpen ratioarekin". Gaur egungo egoera "benetan ulertezina" egiten zaie langileei. "Enpresak merkatua duela uste dugu, eta benetan hau onartuko dutela uste badute, jai dute gurekin".

2012 urtearen bukaeratik gaur egunera arte enpresak Lasaoko lantegira materialik ez duela eraman nahi izan salatu dute langileek. "Enpresak ez du materialik ekarri nahi izan, eta langileok berdin-berdin mantendu gaitu lantokian, ia lan kargarik gabe". Enpresak, "sarritan" materiala "dezente merkeago" ekartzeko au-kera izan arren, horri uko egin diola ere salatu dute langileek. "Arrazoi ekonomikoak justifikatzen laguntzeko izan ote da?".

Mobilizazioak hasita

Kaleratzeen gaineko Lana Erregulatzeko Txostena Madrilen kudeatu nahi izana ere "ez da kasualitatea", Lasaoko langileen ustez. "Negoziaziorako esparru naturala deuseztu, eta mobilizaziorako indarrak ahuldu nahi dituzte".

Gallardo Taldeak eragindako egoera geldiarazteko ahalegina egiteko eskatu diote erakunde publikoei: Azpeitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, hain zuzen. Horrez gain, langileak mobilizazioekin hasi dira, eta egoerari buelta eman ezean, asteartero eta ostegunero enpresa aurreko errepidearen alboan elkarretaratzeak egingo dituzte, 13:30etik 14:30era bitartean.