Lurrun trenak istripua izan zuen zapatuan

Uztarria.eus 2013ko api. 29a, 12:23

Lasaora joan etorrian ibiltzen den lurrun trenak aparkatuta zegoen erakusketako tren bat jo zuen. Hamalau lagunek zauri arinak izan zituzten istripuaren ondorioz.

Joan den zapatuan, 13:00ak aldean, hamalau lagun zauritu ziren Burdinbidearen Euskal Museoan, lurrun trenak izandako istripuan. Lasaora joan etorrian ibiltzen den lurrun trenak aparkatuta zegoen erakusketako tren bat jo zuen. 

35 bidaiari ziren istripuaren unean trenean, eta haietatik hamalauri zauri arinak eragin zizkien istripuak. Hori dela-eta, batzuk Azpeitiko anbulatorioan artatu zituzten eta beste batzuk euren kabuz hospitalera joan ziren.

Istripuaren eraginez museoa zabalik izan da asteburuan, baina lurrun trenaren zerbitzurik ez dute eskaini.