Eusko Jaurlaritzari "urgentziazko bilera" eskatuko dio Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak

Uztarria.eus 2013ko api. 18a, 19:44

"Bi norabidetan" hitz egin nahi dute gobernukideekin: enpresaren bideragarritasunaz Industria sailarekin, eta "denon artean prozesua hona ekartzeko" Enplegu sailarekin. Lana Erregulatzeko Txostenean (LET) lau enpresa batera sartzea eta txostena Madrilen aurkeztearen arrazoiak eta ondorioak kritikatu dituzte berriro.

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak atzo, asteazkena, Gallardo Taldearen ordezkariekin izandako bileraren balorazioa plazaratu du gaur. Besteak beste, Corrugados Azpeitiaren itxiera eta Corrugados Lasaon 38 langileren kaleratzea ekarriko luken Lana Erregulatzeko Txostena (LET) aurkeztu zien Madrilen Gallardo Taldeak langileen ordezkariei.

Enpresak lau lantegitan -Azpeitiko biak eta Extremadurako beste bi- kaleratzeak burutzeko espediente bakarra aurkeztearen gainean, "lau enpresetan kaleratzeak burutu nahi ditu, baina lau horien artean itxiera bakarra dago, hain zuzen ere, Azpeitiko enpresa da ixten den bakarra. Are gehiago, beste hiru enpresen kaleratze guztiak gehituta ez dira Corrugados Azpeitiako kaleratzeen laurden batera heltzen", azaldu dute Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordekoek. Tartean dauden lau lantegietako batzordeetako delegatu guztiak eta sindikatu ezberdinetako ordezkari guztiak Gallardo Taldearen erabakiaren kontra azaldu direla esan dute Corrugados Azpeitiakoek, "lantegi bakoitzean espedienteak arrazoi eta eragin ezberdina duelako". Enpresak, ordea, "ezetza eman du eta inposatu du, legeria eskuetan, negoziazio bakarra izatea eta Madrilen egitea. Lehenengo bilera apirilaren 26an egingo da".

"Presio politiko-sindikala" saihesteko

"Legeria eskuetan" hartutako erabakia izan da Gallardo Taldearena, azken lan erreformak horretarako aukera ematen baitio. Baina, horrekin batera, Corrugaos Azpeitiako Enpresa Batzordekoen aburuz, "norabide ezberdinetatik bideratu daitekeen presio politiko-sindikala txikiagoa izan dadin" bateratu eta Madrilera bideratu du enpresak azken LET-a.

Negoziazioa Madrilera eramanda, Gallardo Corrugados Azpeitiaren "bideragarritasun errealaren eztabaida alboratu nahian" dabilela uste du, batetik, Enpresa Batzordeak. Bestetik, "mobilizazioen presioa ahalik eta gehien eztabaidagunetik urrundu" nahia ere ikusten dute enpresaburuen hautuan. Azkenik, errekurtsoa Madrilgo Entzutegi Nazionalean tratatuko litzatekeela eta, "hemen Euskal Herrian emandako ebazpen guztiak langileen alde kokatu direla, behin eta berriz kaleratzeak nuluak deklaratuz" ekarri dute gogora.

Egoera ikusita, "urgentziazko bilera" eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak. Bilera hori "bi norabidetan" ikusten dute: batetik, lantegiaren bideragarritasunaz "posizioa zehazteko" hitz egin nahi dute Industria sailarekin; bestetik, Enplegu sailarekin, "denon artean prozesua hona ekartzeko" aukerak aztertu nahi dituzte.

Beste behin, enpresa bideragarria dela eta aurrera egiteko nahikoa lan-karga baduela esan dute Enpresa Batzordekoek, eta Eusko Jaurlaritzari ere horren alde egitea eskatuko diote: "Industria eredua babesten da bideragarriak diren enpresak babestuz, eta ez kontrakoa eginez. Bestela, kasu honetan bezala, 80 urteko Extremadurako pertsona batek eskubidea du eskualde oso baten ekonomia eredu osoa aldatzeko, pobreziara bidaltzeko, bere erabakiak inposatzeko".

Zapatuko manifestaziorako gonbitea

"Ziur gaude mobilizazio bidez, presio sozial bidez lortu dezakegula denak, eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak, itxiera honen kontra lerrokatzea, enpresari irteera erreal bat ematea eta eskualdeko biziraupen ekonomikoa babestea", dio Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak. Hori dela eta, zapatuan, hilaren 20an, 12:00etan plazatik abiatuta lantegiaren itxieraren kontra egingo den manifestaziorako gonbitea luzatu dute berriro.