Enpresen kudeaketa komertzialaz ikastaroa antolatu du Loiola Berrikuntza Fundazioak

Uztarria.eus 2013ko mar. 19a, 11:25

Ingenieritza, enpresa zientziak edota giza zientziak eta enpresa ikasketak egindakoei zuzendutako saioa da.

Urola Erdiko Enplegu Planaren barruan, eskualdeko langabetuentzako formakuntza espezializatua antolatu du Loiola Berrikuntza Fundazioak Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin elkarlanean. Orain antolatu duten ikastaroaren goiburua, Enpresa txikien eta ertainen kudeaketa komertziala eta internazionalizazioa da. Ikastaroko saioak apirilaren 22an hasi eta uztailaren 5a bitartean dira, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 13:30ak artean. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta horretarako aukera apirilaren 12ra bitartekoa da. Ikastaroan interesa duten pertsonek Azpeitiko Lanbideko bulegora jo beharko dute, 943 59 70 11 telefono zenbakira deituta.

Ikastaroan parte hartzeko langabezian egotea ezinbestekoa da eta baita Urola Erdiko herriren batean (Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil edota Zestoa) erroldatuta egotea ere. Horrez gain, ingenieritzan, enpresa-zientzietan edota humanitate enpresako ikasketak izatea eskatzen dute. Gaitasun komertziala, ingelesa edota frantseseko maila altua izatea ere kontutan hartuko dituzte. Parte-hartzaileak aukeratzeko aurrez elkarrizketak egingo dituzte.

Loiola Berrikuntza Fundazioaren arabera, formazio ikastaro honen helburuak dira: inportazio/exportazio kudeaketarako erramintak eta ezagutzak jasotzea, gero eta ingurune globalizatuagoan enpresek dituzten beharretaz kontzientzai hartzea eta lan merkaturatzeko aukerak gehitzea. Ikastaroaren metodologiari dagokionez, ikastaroak oinarri praktikoa ere izango du. "Azalpen teorikoak ariketa praktikoekin txandakatuko dira, modulu bakoitzeko ezagutzak errazago barneratzeko", azaldu dute. Horrez gain, ikasleek bakarka nazioarteko proiektu praktikoa garatuko dute eta horretarako tutorearen laguntza izango dute.