Josu Zabala: "Unibertsitateko nire lehen eguna eguzkitsua irudikatzen dut"

Goiena.net | Hezkuntza
2013ko ots. 28a, 18:03

Mondragon Unibertsitateko errektoreari elkarrizketa egin diote Goiena.net-en. Urrestillan jaiotakoa da Zabala, eta Uztarriak ere elkarrizketatu zuen, 2011ko uztaileko aldizkarirako.

Ingeniaria eta Elektronikan, Elektroteknian eta Automatikan doktorea, 2006az geroztik Mondragon Unibertsitateko errektorea da; bere hitzetan, oso bizkor pasa zaion denbora.

Zazpi urteotan dezente aldatu da mundua...

Hemen aldatu da, gure mundua. Aurretik ere aldatzen zebilen Asia aldean. Han ez da krisirik: aldatu eta aldatu dabiltza aurreikuspenak gaindituz. Ez bagara horretaz ohartzen aldaketa gehiago izango ditugu; ez da mehatxua, aukera baizik.

Unibertsitateko lehen kurtsoa hasiko duenak ez du panorama ederra.

Horrekin nolabaiteko psikosia sortzen dabil. Unibertsitatea amaitzean, arazo gehiago edo gutxiago egongo dira baina askoz panorama okerragoa dauka hasten ez duenak. 

Hezkuntzan murrizketak ei datoz. Bide egokia?

Ez. Gazteak ondo hezi behar dira ikertu eta ikerketak enpresei transmititzeko, hauek lehiakorrak izan eta kanpotik datorren olatuari buelta emateko. Murrizketek ez dute laguntzen gizarte moduan ditugun erronkei aurre egiten.

Nola oroitzen duzu unibertsitateko lehen eguna ikasle gisa?

Unibertsitatera Donostiara joatean, beldurra eta ziurgabetasuna sentitu nituen, baita ilusioa eta optimismoa ere. Egun eguzkitsua bezala irudikatzen dut.

Bikoak, zazpikoak edo hamarrekoak ziren gehiago zure notetan?

Zazpiaren bueltan ibili nintzen, nahiko txukun. Gutxiegiren bat ere atera nuen eta ez zitzaidan batere gustatzen. 

Unibertsitate garaian ikasi zenuen gitarra jotzen?

Hamalau bat urterekin hasi nintzen ikasten neure kabuz. Gitarra prozesu bat da: ez da sekula ikasten, beti hobetzen joaten da; abilezia baino burugogortasuna da gehiago. Erlaxatzeko modu oso egokia da.

Atzerrian ikasten MUko lehenengotakoa izan zinen. Zer eman zizun esperientzia hark?

Dena. Joan izan ez banintz, ez nengoke hemen; bizitza markatu zidan ikasketa eta nortasun aldetik. 1973an izan zen eta Frantzia gu baino askoz aurrerago zegoen metodo eta teknologian; horiek landu eta hona ekartzeko balio izan zigun.

Roboten mundua ondo ezagutzen duzu. Zientzia fikzioa laster egingo da errealitate?

Gizakiari begiratuta, gure ahalmenei, mugikortasunari, zentzuei, mugitzeko zentzuak konbinatzeko erari... Hori zoragarria da eta horra heltzeko urte asko beharko dira.

Jarraitzen duzu margolari sena izaten?

Gaztetan nahikoa landu arren hogei urtetatik ez dut margotu. Badut, erretiratzean, berreskuratzeko grina. Estetikak, formek, kolore nahasketek, asko erakartzen naute.

Ingeniaria, doktorea, errektorea... Eta martxoan kargu berria: aitona.

Oso titulu polita da. Nere umeekin azkar pasa zitzaidala sentitzen dut, eta orain beste perspektiba batekin ikusten dut. Ilusionatuta gaude.

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Mundu guztian bakea jarriko nuke; eta ezberdintasunak kenduko nituzke, baita dakartzaten ondorioak ere. Ezberdintasunak ez dira bidezkoak: gero eta mundu globalizatuagoa gara eta pentsatzen hasi beharko genuke nola kendu. Eta hilabete honetan izan dugun eguraldia ikusita, hondartza bero batera ere joango nintzateke".


Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu