Azpeititik Errezilerako bideak itxita jarraituko du bi astez

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 19a, 11:36
Azpeitia eta Errezil bitarteko luizia. (Ane Olaizola)

Aldundiak momentuz utzi egin ditu garbitze lanak, eta arrisku maila gutxitzen denean hasiko da berriz lanean.

Azken asteetako euriteek Azpeititik Errezilera doan GI-2634 errepidean ere kalteak eragin dituzte. Luizi handi baten ondorioz, errepidea itxita dago azken egunetan, Azpeitiko herrigunetik bi kilometro eta erdira. Errezilgo Udalak Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, beste bizpahiru asteetan itxita jarraitzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aldundiak, oraingoz, utzi egin ditu luizia garbitzeko lanak, prebentzio gisa. Izan ere, duela aste batzuk lehenengo aldiz lur-jausia izan zenetik aldundia lurra kentzen aritu da, eta baina garbitu ondoren beste bi aldiz erori da lurra. Hala, aldundiak aldiro errepidea moztu izan du, baina oraindik lurra erortzeko arriskua dagoela adierazi du Errezilgo alkate Maria Jesus Salsamendik; "goialdean izugarrizko pitzadura ikusten da, eta erortzeko arriskuan dago. Makinekin lanean aritzeko eremu arriskutsua da, eta horregatik erabaki dute lanak etetea" .

Udalaren arabera, lurra egonkortzen denean edota arriskua gutxitzen denean ekingo diote berriro eremua konpontzeari. Bitartean, Errezildik Azpeiti aldera joateko Urrakiko mendatetik igaro beharko dute ibilgailuek.