Berlinetik Parisera bizikletaz egindako bidaia izango dute hizpide 'Bidaiatuz' ekimenaren baitan

Uztarria.eus 2013ko urt. 29a, 11:11
Hitzaldia iragartzeko egin duten kartela.

Ostegunean, hilak 31, izango da hitzaldia, eta Ander eta Joseba Garmendia anaiek Berlinetik Parisera bizikletaz egindako bidaiaz hitz egingo dute, 19:00etatik aurrera, Sindikatu Zaharrean.

Azpeitiko Gazte Informazio Bulegoak hirugarren urtez jarraian jarri du martxan Bidaiatuz ekimena. Helburua, herriko gazteek munduko txoko desberdinetan izan duten esperientzia elkartrukatzea da eta, horretarako, bidai desberdinei buruzko hainbat hitzaldi antolatuko dituzte urte guztian zehar.

Aurtengo lehenengo hitzaldia ostegunean, hilak 31, izango da. Ander eta Joseba Garmendia anaiek Berlinetik Parisera bizikletaz egindako bidaian bizi izandakoak kontatuko dituzte. 19:00etan hasiko da solasaldia, Sindikatu Zaharrean. Behin hitzaldia bukatutakoan entzuleen galderei erantzungo diete hizlariek.

Gazte Informazio Bulegoak dei egin die herriko gazteei euren esperientziak kontatzera animatzeko. Horretarako, Gazte Informazio Bulegora gerturatu, gib@azpeitia.net helbidera idatzi edo 943 15 71 60 telefonora deitu behar da.