Lagun Onak nagusi azkoitiarren aurkako derbian

Uztarria.eus 2013ko urt. 28a, 11:15

Hogeita hamar urte eta gero, Lagun Onak eta Anaitasuna taldeak nor baino nor izan ziren zapatuan, hilak 26, Espainiako Hirugarren Mailako bigarren itzuliko partidan, Garmendipen. Zelaia egoera negargarrian zegoen, azken egunetan egindako euri jasengatik. Horrek eraginda, partidak jokua baino, emozioa izan zuen.

Partida hasi aurretik David Tejera eta Iñigo Saizar Lagun Onakeko jokalari ohiak omendu zituzten.
Partidan Lagun Onak nagusitu zen, Gorka Luarizek lehenengo zatiko 42. minutuan sartutako golari esker. Markagailuari eustea lortu zuen azpeitiar taldeak, nahiz eta azkoitiarrek aukerak izan zituzten bigarren zatian, eta partidaren bukaeran, batez ere. Lagun Onakek Olaizola atezainak eta Mendinueta erdilariak egindako partidu bikaina azpimarratu du.

Garmendipen izan ziren bi taldeetako zaleak, 500 bat lagun guztira. Hainbat abesti kantatzen ibili ziren partida guztian zehar, eta Anaitasunako zale batzuk petardoak bota eta bengalak piztu zituzten.