Euriak ez ditu atzeratu umeak

Uztarria.eus 2013ko urt. 20a, 15:14
Umeek plazan elkartuta 'San Sebastian Martxa' eta 'Soreasuko Sebastian' jo dituzte.

Eguraldi txarrari aurre egin eta 500 haur inguruk danborrak jo dituzte

Eguraldiak festa oztopatuko zuen beldurrez zerura begira pasatu dute goiza hainbat eta hainbatek. Danborrada hasteko bost minutu falta zirela, euria gogoz hasi du, baina erauntsia baretu egin da handik gutxira eta, danbojole gazteak plastikoz ondo estalita, San Sebastian eguneko umeen danborrada normaltasunez egitea erabaki dute, 12:30etik aurrera.

Eguraldi kaskarrak ez du gaztetxoenen festarako gogoa zapuztu, eta hamar taldetako 500 neska-mutil inguruk gogor astindu dituzte makilak. Plazara iritsi direnerako guztiak ere nahikoa bustita zeuden arren, oso-osorik bete dute ibilbidea. Ikusleak ere erruz elkartu dira kale eta plaza bazterretan, aterkipeetan babestuta, danbor-jotzaile txikiei berotasuna emanez.

Umeak plazan zirela, atertu egin du, eta San Sebastian Martxa eta Soreasuko Sebastian jo dituzte.