"Corrugadoseko gatazkari irtenbidea negoziazioarekin eman behar zaio"

Uztarria.eus 2012ko abe. 14a, 13:51

Corrugados Azpeitiako langileak enpresa atarira bidean.

Herenegun, asteartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzeko txostena baliogabe utzi zuela-eta, balorazioa egin dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideek.  Langileek "epaia balioztatzen" dutela jakinarazi dute: "duela sei hilabete (bihar, abenduak 15, bete dituzte) hasitako greban eutsi diogun salaketari arrazoia eman dio-eta epaitegiak".

Herenegun, asteartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak Corrugados Azpeitiako 60 langile kaleratzeko txostena baliogabe utzi zuela-eta, balorazioa egin dute Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideek. Langileek "epaia balioztatzen" dutela jakinarazi dute: "duela sei hilabete (bihar, abenduak 15, bete dituzte) hasitako greban eutsi diogun salaketari arrazoia eman dio-eta epaitegiak". ELA eta LABeko ordezkarien arabera, "enpresak ez du negoziatu nahi izan, eta epaiak argi erakutsi du inposatuta ez direla konpontzen gatazkak, negoziatuta baizik. Epaiak erakusten du Corrugados Azpeitian zein den lan-harremanen jokalekua".

Enpresa Batzordekoek esan dutenez, "epaia onuragarritzat hartu dugu, eta ez dugu borrokaren iparra galdu". Dena den, honekin ez dutela gatazka konponduko jakinarazi dute: "akordiorik gabe ez dago irtenbiderik. Langileentzat beharrezkoa da industria-jardueraren iraupena bermatzeko konpromisoa hartzea enpresak". "Norabide onean gabiltza, eta borrokak honaino ekarri gaitu", gaineratu dute. Epaia langileen aldekoa izatea "Azpeitiko langileen borroka irmoari esker lortu da, eta langile oro animatzen dugu negoziazioa sustatzeko eta lanpostuen eta gure familien etorkizunaren alde borrokatzera".

Bestalde, Lan Delegaritzak eta Justizia Auzitegiak enpresak negoziatzerik ez duela nahi "argi utzi" dutela esan dute. Azpeitiko zuzendaritzak "gure gainetik pasatu nahi du, eta ez diegu hori egiten utziko": "negoziatzea nahi dugu, soluzioak horren harira etorriko dira-eta".

Epaiari errekurtsoa jartzeko bost eguneko epea (asteartea, abenduaren 18 bukatuko da) dauka enpresaren zuzendaritzak. "Gure nahia, guk egin dugun bezala, enpresak negoziazioaren aldeko hautu irmoa egitea da, eta sortu berri den aukera hau ez alferrik galtzen uztea", gaineratu dute. "Ikusiko dugu epai honi errekurtsoa jartzen dion zuzendaritzak, hor ikusiko baita benetan zuzendaritzak negoziatzeko asmorik duen ala ez".

"Gurekin ez da egon"

ELA eta LABek Juan Garayar Eusko Jaurlaritzako Industria Garapenerako zuzendariak epaia jakin bezain pronto "alde guztiekin egon dela" esan izana salatu dute: "gurekin, ELA eta LABekin, ez da egon, eta enpresaren gehiengoa gara".