Baserritik.com-ek urteurrena ospatzeko azoka antolatu du

Uztarria.eus 2012ko urr. 31a, 11:24
Igandeko azoka iragartzen duen kartela.

Igandean, hilak 4, izango da plazan. Bertan hainbat produktu eskuratzeko aukera izango da 10:00etatik aurrera. Bestalde, mokadua egiteko postua ere jarriko dute, eta umeentzat poniak-eta izango dira.

Datorren igandean, azaroak4, Baserritik.com Baserritarren Elkartearen lehenengo urteurrenaren harira azoka berezia izango da plazan, goiz eta eguerdi partean. Urola bailarako hainbat ekoizle izango da bertan, eta postu ugari jarriko dute herriko plazan. Mokadua egiteko aukera ere izango da, eta trikitilariek girotuko dute azoka. Gainera, umeentzat Gorrittiren poniak-eta izango dira plazan, 12:30etik 14:00etara bitartean.

10:00etatik 14:00etara izango da azoka eta Arreta baserriak eta Galarragak gazta salduko dute; Baso Beltzek, Etxearretak eta Xumetak barazkiak; Errezilgo Azokak artisau, kontserbak eta likoreak; Ezkurtxerrik txerrikiak; Iruretxikik sagardoa; Salanortek itsas produktuak; Lokatek ahuntz gazta; Santa Kutzek fruta; Mahalak esnekiak eta txerrikiak. Horiekin batera, eskualdeko beste hainbat baserritako produktuak ere izango dira salgai.

Bestalde, postu berezia jarriko dute baserriko ogia, eztia, txakolina, sagardoa, arrautzak, kontserbak etabarrekin. Eta, pintxoak ere salduko dituzte, 11:00etatik 14:00etara bitartean; txistorrarena, gaztarena edo menbrilloarena, eta edatekoa ere eskainiko dute (sagardoa, ardoa eta txakolina).