Azpeitian ere greba egingo dute ikasleek urriaren 11n

Uztarria.eus 2012ko urr. 10a, 19:46

Euskal Herrian Ikasle Abertzaleak-ek egin du deialdia, espainiar estatuko Nazioarteko Greba Orokorrarekin bat eginez. Hezkuntza burujabea aldarrikatzen dute Euskal Herrirako, eta murrizketen aurka protesta egingo dute. Egunean zehar hainbat mobilizazio egingo dituzte DBHko eta Batxilergoko herriko ikasleek.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzatik (DBH) hasi eta unibertsitate arteko ikasleak grebara deitu dituzte biharko, urriaren 21a. Euskal Herrian Ikasle Abertzaleak-ek egin du deialdia, espainiar estatuko Nazioarteko Greba Orokorrarekin bat eginez. Hezkuntza burujabea aldarrikatzen dute Euskal Herrirako, eta murrizketen aurka protesta egingo dute.

Azpeitian ere izango du oihartzuna ikasleen greba egunak. Egunean zehar hainbat mobilizazio egingo dituzte DBHko eta Batxilergoko herriko ikasleek. 10:45ean Esklabetan elkartu eta, handik, ikastetxez ikastetxe joango dira, kontzentrazioak eginez: 11:00etan Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, 11:20ean Iraurgi Ikastetxean eta 11:45ean Urola Ikastolan elkartuko direla adierazi dute ikasleen ordezkariek. Elkarretaratze orokorra, berriz, plazan egingo dute 12:15ean. Gaztetxean bazkalduko dute, "bakoitzak etxetik ekarritakoa", eta arratsaldean pankartak egin eta herrian zehar jarriko dituzte.

Ikasleen ordezkarien arabera, Ikasberrin gaur, asteazkena, egin dute bozketa eta grebaren aldekoa izan da emaitza; Urola Ikastolan gelaz gela bozkatu dute eta, gela batean izan ezik, grebaren alde egin dute; eta Iraurgin 12:00etatik aurrera nahi duten ikasleei irteteko baimena emango diete.