Ostiralean hasiko da bost eguneko Garagardo Azoka

Uztarria.eus 2012ko urr. 3a, 16:17
Iñigo Amiano Bertaneko teknikaria, Jose Luis Zubizarreta 'Xubi' ISBko lehendakaria, Iñaki Portilla eta Leire Etxaniz zinegotziak gaur goizeko aurkezpenean.

Bi asteburutan, bost egunez irekiko dute Garagardo Azoka. Hainbat berrikuntza izango dira aurten: az baino zuzeneko musika emanaldi gehiago izango dira; lau, guztira. Mus Txapelketa ere antolatu dute. Reala eta Betisen arteko ligako partida emango dute pantaila handian eta mahaiak erreserbatzeko aukera izango da, besteak beste.

Erdi Aroko eta Stock azokak izan baziren joan den astean, datozen bi aste bukaeretan garagardoaz gozatzeko aukera izango da herrian. Gaur, asteazkena hasiko dira muntaketa lanekin eta joan den urteko gisan, bi asteburutan izango da IV. Garagardo Azoka, Berdura Plazan. Ostiral honetan irekiko ditu ateak aurrenekoz, eta irekiera ekitaldian Iraurgi Saskibaloiko talde ia guztien aurkezpena egingo dute, 20:00etan hasita. Egunero, mus txapelketaren egunean izan ezik, 20:00etan irekiko dituzte Berdura Plazako ateak. Zapatu honetan ere zabalik izango da eta, gero, datorren ostegunean, ostiralean eta zapatuan irekiko dute berriz. Bost eguneko azoka izango da, beraz.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak eta Bertan Merkatari Elkarteak antolatu dute azoka, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Jose Luis Zubizarreta Xubi-k, Iraurgi taldeko zuzendariak, eman du gaur, asteazkena, azokaren nondik norakoen berri, eta berrikuntzak badaude aurtengoan ere. Izan ere, iaz baino zuzeneko musika emanaldi gehiago izango dira; lau, guztira. Mus Txapelketa ere antolatu dute. Reala eta Betisen arteko ligako partida emango dute pantaila handian eta mahaiak erreserbatzeko aukera izango da, besteak beste. Gainera, hamabi garagardo desberdin dastatzeko aukera egongo da.

Zubizarretak adierazi duenez, 130 bat lagun arituko dira azokan lanean; 25-30 bat eguneko. Gainera, Zero Zabor estrategiarekin bat egin dute Iraurgikoek. Hala, hondakinak gaika sailkatuko dituzte, eta plater eta edalontzi guztiak garbitu ere bai. Leire Etxaniz Urola-erdiko mankomunitateko lehendakari eta Udal zinegotziak adierazi duenez, "zoriondu zeuen ekimenez, Zero Zaborren aldeko apustua egiteagatik".

Mahaien erreserba

Aurtengo berrikuntzen artean aurrez mahaia erreserbatzeko aukera dago. Horrenbestez, hala nahi dutenek, aurreko egunean edo egunean bertan azoka ireki baino lehen afaltzeko mahaia erreserbatzeko aukera izango dute, Berdura Plazan. 550 bat lagunentzako tokia dago Berdura Plazan, eta Zubizarretak adierazi duenez, "jendea afaltzera joaten zen, eta mahairik ez zen egoten libre. Aurten probatu egingo dugu, eta ia nola joaten den".

Bostekin bat opari

Garagardoa hartzeko bost txartel erosiz gero, bat oparituko dute aurten. Aldi berean, ISBko bazkide egiteko aukera ere izango da Berdura Plazan, eta bazkide egiten direnei ere txartel bat oparituko diote. Bazkidetza kanpaina abian dute dagoeneko Iraurgikoek, baina orain egiteko aukera ere badago. Familiako bazkidetza 120 euro ordaindu behar da. 20 urtetik beherakoek 30 euro eta 20 urte baino gehiago dituztenek, 70 euro.

Mus txapelketa

Datorren ostiralean, hilak 12, Mus Txapelketa Azkarra izango da Berdura Plazan, 15:30ean hasita. 15:00ak bitartean eman ahal izango da izena, eta bikoteko 30 euro ordaindu beharko dute parte-hartzaileek.

Lau errege eta usteletara jokatuko da, eta hainbat sari izango dira lehenengo lau sailkatuentzat. Txapeldunek 400 euro, txapela eta afaria irabaziko dituzte. Bigarren bikoteak 200 euro eta afaria. Hirugarren sailkatzen direnek 100 euro eta afaria eskuratuko dituzte eta, laugarrenek, afaria.

Zuzeneko musika

Azoka bost egunetan egongo da irekita, eta lautan izango da zuzeneko musikaz gozatzeko aukera, bosgarren emanaldia disko festa izango da-eta. Ostiral honetan, urriak 5, PedroMayotarrak taldea igoko da Berdura Plazako agertokira. Zapaturako, berriz, disko festa antolatu dute. Hilaren 11n, osteguna, Karma musika emanaldia eskainiko du, eta ostiralean, Down Town Trio eta... taldea igoko da oholtzara. Azken egunean, urriaren 13an, Izer eta Alabier izango dira Pino-ren laguntzarekin.