Bi aldeek Madrilen egindako bilera eta gero, kontuak berdintsu Corrugadosen

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 11a, 11:29
Zapatuan 600 lagun baino gehiago izan zen manifestazioan.

Murrizketak egiteko asmoari eutsi dio zuzendaritzak; "antzerki hutsa" izan dela salatu du enpresa batzordeak.

Kontuak orain artekoen antzera segiko dute Corrugados Azpeitia enpresan, atzoko bileran zuzendaritzak egindako eskaintzak murrizketetan oinarritutakoak baitira. Azpeitiko lantegiko langileen ELA eta LABeko ordezkariek Gallardo Taldeko buruekin bilera egin zuten atzo goizean, Madrilen. Batzarrean jasotako eskaintza aldatu badute ere, egungoa antzekoa da, langileen ordezkarien arabera. Nagusiek jarrerari eusten diotela esan dute. Langileek gaur goizean aztertuko dute atzo bileran landutakoa, goizetan egiten baitituzte batzarrak.

"Gallardo Taldearen eskutik gaur jasotakoa antzerki hutsa izan da", salatu du enpresa batzordeak. "Eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dute, eta zuzendaritzaren proposamenak guztiz onartezinak dira". Hauek dira, hain zuzen: langile guztiei soldata %35 jaitsi beharrean, soldata baxuena dutenei %30 jaistea, eta altuena dutenei, berriz, %40 jaistea. Kaleratzeen inguruan ere eskaintza egin dute nagusiek; hau da, orain kaleratutako 60 lagunetatik hamabost berriro hartu, eta haien ordez beste hamabost lagun kaleratzea. Langileek proposatu beharko lituzkete azken horiek, baina beti ere enpresaburuen adostasunarekin.

Urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea eskatzen dute Corrugados Azpeitiako buruek, eta orain hori Lana Erregulatzeko Txostena ezartzen den egunetan ez dela beteko esan diete. Baina urte bukaera bitartean 66 laneguneko lan suspentsioa ezartzeko asmoari eutsi diote.

Horiez gainera, ados jartzeko langileek murrizketen gainean epaitegian jarritako bi helegiteak kentzeko eskatu diete enpresaburuek langileen ordezkariei.

"Antzerki hutsa izan da. Enpresaren bideragarritasunari begirako proposamenak zeuzkatela saldu nahi izan dute, proposamen bakar bat egin ez dutenean". Horren aurrean, aldarrikapenei "tinko" eutsiko diete langileek: "Ez dugu kaleratze traumatikorik onartuko; enpresaren etorkizuna argitzea eskatzen dugu, eta bideragarritasun plan bat egitea, gure lantegiaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko duena".