Larunbaterako manifestaziora deitu dute Corrugados Azpeitiako langileek

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko ira. 4a, 20:02

83. greba eguna dute gaur Corrugados Azpeitiako langileek. Abuztuaren 20tik lantegiko laminazioko plantan itxialdian daude 150 langile inguru. Larunbaterako, euren etorkizuna argitzeko eskatuz manifestazioa deitu dute Azpeitiko plazatik 12:00etan irtenda. "Erakundeetakoak, eragileak eta herritarrak gonbidatuak daude manifestazioan parte hartzera", diote langileen ordezkariek.

Itxialdian txandak egiten ari dira langileak, eta enpresatik kanpo ere mobilizazioekin jarraitzen dute. Atzo goizean elkarretaratzea egin zuten Bilboko BBVAren egoitzaren aurrean. "Abuzruan egin genuen beste elkarretaratze bat Bilbon, eta orduan isuna jarri ziguten zarata ateratzeagatik, eskandalu publikoagatik", diote.

Maiatzean urte bukaera arteko lana erregulatzeko txostena aurkeztu zien enpresaren zuzendaritzak. Horrekin, 60 langile kaleratu, abendura bitartean 66 lan eguneko suspentsioa ezarri, lanaldia 49 orduz igo eta soldatak %35 jaistea ditu helburu Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak.

Joan den asteazkenean Eusko Jaurlaritzako Industriako arduradunekin eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearekin bildu ziren langileen LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak. "Jaurlaritzak bost milioi euroko laguntza eman zion enpresari, eta kontratu horren kopia eskatu genion Industriako arduradunari, baina ez digute eman nahi. Enpresa kontratuko baldintzak betetzen ari den zalantza baitugu", azaldu dute langileen ordezkariek. Baldintzetako bat enpresako langile kopurua 241 lagunetik ez jaistea da, eta gaur egun gutxiago ote direnaren susmoa dute langileen ordezkariek, "langile batzuk euren borondatez lantegia utzi dutelako". Hori egiaztatzeko enpresako pertsonalaren arduradunari langileen zerrenda ere eskatu diote, baina ez diete ematen.

Gipuzkoako Foru Aldundia tailerraren jabea den Alfonso Gallardorekin biltzeko asmotan dela diote langileek. "Egoera hau pixka bat desblokeatzeko asmoarekin bildu nahi dute. Egia esanda guk itxaropen gutxi daukagu, eta greban segitu beharko dugula uste dugu".

Langileak "nekatuta" baina tinko daudela diote langileen ordezkariek, "gauzak garbi ditugu eta geureari eusteko prest gaude", esan dute. Erakundeetako ordezkariei auzi honetan "inplikatzeko" eskatu die langileen ordezkari sindikalek.