Mertxe Urtuzaga: "Orain dela urte batzuk ez genuen pentsatu ere egingo nire lehengusuari egindakoa errekonozituko zutenik"

Uztarria.eus 2012ko eka. 29a, 16:35
Mertxe Urtuzagak hamabi urte zituen bere lehengusu Angel Otaegi fusilatu zutenean.

1960 eta 1978. urteen artean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak duela pare bat aste. Hori dela-eta, Uztarria.com-ek Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagarekin hitz egin du.

Mertxe Urtuzagak 12 urte zituen bere lehengusu Angel Otaegi fusilatu zutenean. 37 urte pasatu dira ordutik eta "guztiarekin akordatzen naiz" dio Urtuzagak. 1960 eta 1978. urtea bitartean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza egiteko eta ordaina emateko dekretua onartu berri du, eta Uztarria.com-ek Otaegiren lehengusuarekin hitz egin du.

37 urte dira Angel Otaegi fusilatu zutenetik. Nola gogoratzen duzu?

12 urte egiteko nituen orduan, eta asko gogoratzen naiz. Guztiarekin akordatzen naiz: zer pasatu zen, zer mugimendu izan ziren... guztiarekin. Gogoratzen naiz nola etorri zen Guardia Zibila albistea ematera. Izeba, Otaegiren ama, gure etxean zegoen, oso gertu bizi ginen-eta. Izugarria izan zen. Txikia nintzen, baina guztia dut gogoan.

Gure aitarena joan zen sargentoa, eta jakinarazi zion Angel Otaegi kapillan zegoela eta hil egingo zutela. Aitari esan zion Angelen amari esateko semea hil behar zutela. Gure etxean zegoen, eta esan ziotenean urduritasun krisia izan zuen. Erizaina ekarri genuen etxera, sartu zizkioten lasaigarri pila bat, eta hala joan ziren Burgosera. Jende mordoa joan zen Burgosera.

Sargentoak esan zuen Angelen amari soilik utziko ziotela semea ikusten eta aitzakiarik ez asmatzeko ezin zuela joan esanez-eta. Beste inori ez ziotela utziko sartzen eta ama eramateko agindua eman zuen. Amak, sartutako indizioen eraginez, ezin zuen pausorik eman. Eraman zuten barrura nola edo hala. Arakatu zuten eta sartu zen barrura ama. Zazpi militarrekin-edo zegoen Angel, eta bost-hamar minutu egin zituen amak semearekin. Minutu horietan esan zion amari berak ez zuela inor hil, baina bera hil egingo zutela. Euskal Herriarengatik eta euskaldunengatik emango zuela bizia.

Urte guzti hauetan nola eragin du gertatutakoak zuen familian?

37 urte hauetan presente egon da uneoro. Nere lengusua zen, baina harreman handia genuen. Etxean asko ibiltzen zen. Urtero egin izan genion bere ama bizi zen artean meza, eta han elkartzen ginen Urretxuko lehengusuekin-eta. Baziren urtero, hutsik egin gabe, etortzen ziren donostiar batzuk. Urtero gogoratu izan gara, eta momentu askotan ere bai.

1960 eta 1978. urteen artean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Aurrera pausoa al da?

Aurrera pausoa da dekretua onartzea. Orain arte, hainbeste urtean, inork ez digu egin kasurik, baztertuta bezala egon gara. Badakigu oraindik lan asko dagoela egiteko, eta hasiera da onarpena. Aurrera begira, ia mugitzen diren, oraindik jende asko dago-eta urte horietatik kanpo, baina errekonozituak izan behar luketenak.

Nola hartu zenuten dekretuaren onarpenaren berria?

Niri Jon Paredes Manot Txiki-ren anaiak deitu zidan dekretoa onartu zutela esateko. Haren bitartez jakin nuen berria, eta poz eman zidan.

Garaiz al dator aitorpena?

Ez, oso berandu dator. 37 urte pasatu dira, eta oso berandu da. Azkenean esaten duzu, "gogoratu dira behintzat". Orain dela urte batzuk ez genuen pentsatu ere egingo nire lehengusuari egindakoa errekonozituko zutenik. Nahiz eta urte asko pasatu, bada zerbait.

Herenegun biktima horiei omenaldia egin zion Eusko Jaurlaritzak, Bilbon. Han izan al zineten?

Jaurlaritzaren ekitaldian izan ginen ama eta biok. Polita izan zen. Gustatu zitzaidan. Dokumentalean parte hartu dugun guztiok izan ginen, eta parte hartu ez zuten beste batzuk ere bai. PP ez beste alderdi guztietako ordezkariak izan ziren bertan, eta oso ondo hartu gintuzten. Eskertzekoa da.

Norengatik ez da ari kanpaia? dokumentalean hartu duzue parte.

Sekula ez nintzen irten telebistan, eta beno... Ama eta biok hartu dugu parte dokumentalean. Gainera, gazteleraz egin genuen grabazioa eta ezin nahi nuen zenbait gauza esan, ez naiz-eta oso ondo espresatzen gazteleraz. Dena den, gustura egin genuen. Gazte askok ez du jakingo zer gertatu zen urte haietan, eta horiek ere jakin dezatela zer pasatzen eta zer egin zituzten garai hartan.

Kalte-ordaina ere jaso dezakezue dekretuaren arabera. Eskatu al duzue?

Egin dugu tramitea. Dokumentala nola atera zen ikustera joan ginenean, han zeuden horretaz arduratu direnak. Eman zizkiguten agiriak, eta eskaera lehenbailehen sartzeko esan ziguten. Egin, egin dugu tramitea, baina ez dakit ezer emango diguten. Hori bigarren planoan dago. Nahi genuena zen egindakoa errekonozitzea.

Alde bateko eta besteko biktimen aitortzarako pausoak ematen hasi diren honetan, bigarren mailako biktima sentitu al zarete?

Bigarren mailako biktima sentitu gara, bai. Oraindik ere hala sentitzen gara. Beti izango dira beste biktimak aurrenekoak, eta gu hor egongo gara bigarren mailan. Horiek beti izan dute laguntza eta errekonozimentua. Jendeak zion "horiei izugarria egin diote" edo "pasatu zaie izugarria horiei". Guri ere bai, baina jendearen aurrean ez dituzte esaten. Horrenbestez, desberdin sentitzen zara.

Urruti ikusten al duzu biktima guztien erreparazioa iritsiko den eguna?

Bai. Oraindik denbora behar dela uste dut. Aitortzarik egin ez zaion jende asko dago. Begira inguruan bertan: Pasaiako sarraskian hildako azpeitiarrak, GALek hildako azkoitiarrak... Poliziak eta GALek hildako jende ugari dago. Aitortza merezi duen jende asko dago, eta hau hasiera izan da. Gutxienekoa, jende gutxiri egin diote-eta aitortza. Hasi direnez zerbait egiten, ia aurrera segitzen duten. Esperantza ez da sekula galdu behar.