Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin dute

Uztarria.eus 2012ko eka. 19a, 12:58

Gaur, asteartea, Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzea egin dute Olazko Amaren plazan, 10:00etan hasita. BBVA-Alfonso Gallardo lantegiaren etorkizuna argitu lelopean egin dute elkarretaratzea BBVAren sukurtsalaren aurrean. "Gure enpresaren hartzekodun eta zordun handiena BBVA da, eta horrek gure enpresan erabakitzeko ahalmena du", azaldu zuten bertan LAB eta ELA sindikatuetako langileen ordezkariek. Langileen ordezkariek esan dutenez, lana badute, baina lanerako lehengaia falta dute: "Lana badugu, baina ez dugu lanik egiten, ez dagoelako txatarra erosteko dirurik". Enpresaren eta langileen etorkizuna argitzeko eskatu diote BBVAri eta Gallardo Taldeari. Corrugados Azpeitia talde horretakoa da. Ostegunean, 11:00etan, Donostian, Lan Delegaritzaren aurrean egingo dute kontzentrazioa.