'Gure inguruari begirada bat' argazki lehiaketa abian da dagoeneko

Uztarria.eus 2012ko eka. 7a, 12:58

Ehun euroko sei sari banatuko dituzte landa eremuko irudi onenen artean; urriaren 26rako aurkeztu behar dira argazkiak.

Dagoeneko plazaratu dituzte aurtengo Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketako oinarriak zein izango diren. Argazkiak aurkezteko epea amaitzeko hilabete batzuk falta diren arren (urriaren 26rako aurkeztu beharko dira), baldintzen berri eman du Azkoitiko eta Azpeitiko Agenda 21ek. Epaimahaiak azaroaren 7an jakinaraziko du irabazlearen izena, eta sariak abenduaren 1ean banatuko dituzte, Azkoitian.

Lehiaketan zaletu guztiek hartu dezakete parte. Gaia, urtero bezala, honakoa izango da: "Landa eremuarekin eta lehen sektorearekin zerikusia duen guztia, alde positiboa edo negatiboa (salaketa argazkia) erakustiz". Argazkiak Azkoitiko edo Azpeitiko lurretan
ateratakoak izan behar dute ezinbestean, bestela ez dituzte ontzat emango, eta ez dituzte aintzat hartuko.

Egile bakoitzak ezin ditu hamar argazki baino gehiago aurkeztu. Guztiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, CD batean, eta neurriak honakoak izan beharko dute: 330 milimetro x 220
milimetro, eta 300 dpi. JPEG formatuan aurkeztu beharko dira irudiak.

Baloratuko diren ezaugarriak

Epaimahaiko kideek "argazkiak gaiarekin daukan zerikusia, sormena, jatorrizkoa izatea (ez daitezela lehiaketa honetan aurrez argitaratuak izan), kalitatea eta gaurkotasuna" hartuko dituzte kontuan. 100 euroko hamabi sari banatuko dituzte, sei arlo positiboan eta beste sei alde negatiboan. Arlo bakoitzean sari bat irabazi ahalko dute argazkilariek.

Eskutitz batean postaz bidali behar da diskoa, egilearen datuekin, aukeratutako lemarekin eta
argazkiak ateratako tokien zerrendarekin. Honako helbidera bidali behar da:Tokiko Agenda 21 Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketa. Plaza Nagusia, 5-20730 Azpeitia. Herriko Enparantza, z/g-20720 Azkoitia.