Udalak eta Uztarriak urtebeterako egin duten hitzarmena onartu du Udalbatzak

Uztarria.eus 2012ko eka. 6a, 20:03

31.000 euroko diru-laguntza jasoko du Uztarria Komunikazio Taldeak hitzarmenaren ondorioz. Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin onartu dute hitzarmena; EAJk akordioaren kontra bozkatu du.

Udalak eta Uztarria Komunikazio Taldeak urtebeterako iraupena duen hitzarmena lotu berri dute. Hitzarmen horri onarpena eman zioten atzo, asteartea, ekaineko ohiko Udalbatzan. 31.000 euroko diru-laguntza jasoko du Uztarriak hitzarmenaren ondorioz. Bilduren eta Hamaikabaten aldeko botoekin onartu dute hitzarmena; EAJk akordioaren kontra bozkatu du.

Aitor Gorrotxategik azaldu zituen jeltzaleen ezezkoaren arrazoiak. Berak "Uztarriaren kontra ezer ez" duela eta "kolaboratzailea ere" badela gogoratu ondoren, 2012ko udal aurrekontuei ezetza ematerakoan aipatu zuten argudietako bat jarri zuen berriro mahai gainean. "Guk aurrekontuetan esan genuen komunikazio arloan nola aurreztu sakontzea falta zela", esan zuen Gorrotxategik, "hitzarmena lotu aurretik debatea faltan bota" izan dutela gaineratuz.

Horrez gain, Uztarriari kritika egin zioten EAJkoek; haien aburuz, Uztarriak autofinantzatzeko nahikoa ahalegin ez du egin eta horren erakusle da "aurrekontuaren laurdena Udalaren diru-laguntzak" osatzea, "lokala ere Udalarena dela kontuan izan gabe". Gorrotxategiren hitzetan, "erosotasunean" erori da Uztarria. "Euskara bultzatu bai" behar dela uste dute jeltzaleek, "baina beste bideak ere badaude, Udalarenak direnak gainera, eta hor murriztu egin da aurrekontua", nabarmendu zuen, Udal Euskaltegia eta Euskara Patronatua aipatuz.

"Apustu serio eta estrategikoa"

Oso bestelako ikuspuntua azaldu zuen Eneko Etxeberriak Uztarriarekin lotutako hitzarmena defendatzerakoan. "Udalak Uztarriaren aldeko apustu serio eta estrategikoa egiten du, gure herrian euskal kulturaren sustatzaile nagusienetakoa den heinean", esan zuen alkateak. "Herritik sortzen diren horrelako proiektuak bultzatu egin behar ditugu", esan zuen, eta "zalantza" agertu zuen, erakundeek euskal kulturaren alde "behar adinako apustua egiten" ote duten.

Etxeberriak "Uztarriak komunikatiboki daukan itzala" ere goraipatu zuen eta komunikazio taldearen eta Udalaren arteko harremanak sendotzearen aldeko aldarria egin zuen: "Egoera ekonomiko zail honetan ere Uztarriari diru-laguntza emango dio Udalak, eta etorkizunean elkarrekin izan ditzaketen harremanak sendotzeko konpromisoa hartzen du".

Uztarriarekiko aitortza eta esker on hitzak izan zituen alkateak. Laguntzari dagokionez, "Uztarriak askoz gehiago merezi duela" deritzo. "Horrela, une honetan, udal gobernuak Uztarriari egindako lanagatik errekonozimendua aitortu nahi dio, gure herria, kultura, euskara eta ondareagatik egindako lanagatik, eta horrela jarraitzeko eskatzen dio. Eskerrik asko Uztarriari", bukatu zuen.