Lapatx 2014. urte bukaerarako itxiko dute

Berria.info, Uztarria.com | Gizartea
2012ko eka. 4a, 11:37

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat nazioarteko aditu talde batek egindako hondakinen plan nagusiaren egokitzapenaren arabera, Gipuzkoako hiru zabortegiak, tartean Azpeitikoa, 2014ko abenduaren 31rako itxiko dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat nazioarteko aditu talde batek egindako hondakinen plan nagusiaren egokitzapenaren arabera, herrialdeko hiru zabortegiak, tartean Azpeitikoa, 2014ko abenduaren 31rako itxiko dituzte. Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain) eta Urteta (Zarautz) dira gaur egun Gipuzkoan martxan dauden hiri hondakinen hiru zabortegiak, San Markokoa 2008an itxi baitzuten.

Hain zuzen ere, udalek, mankomunitateek eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak martxan jarriko duten politika berriak hondakinak gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea izango ditu ardatz, Europako hondakinen zuzentarauak lehenesten duen hierarkia aintzat hartuta. Horren ondorioetako bat izango da zabortegi kutsagarriak ixtea, Berriak jakin ahal izan duenez. Hondakinen planaren egokitzapen horrek ez du errauste planta bat egiteko beharrik jasotzen.

Planaren beste gakoetako bat hauxe da: hondakin guztiek tratamendu berezia jasoko dute. Alegia, ez da zaborrik isuriko aldez aurretik tratatu gabe. Horretarako, azpiegitura sare berria jarriko dute martxan Gipuzkoan, gertutasunaren printzipioari jarraiki. Alegia, hondakina sortzen den tokitik gertu tratatzea izango da azpiegitura sare deszentralizatu berriaren zeregina. Gaur egun indarrean dagoen planaren izaera zentralizatzailea da, hondakinak kudeatzeko bilgune nagusia Zubietako errauste planta baita.

Zero Zabor politikaren bidean egokitu dute kudeaketa plana. Hondakinen kudeaketa zirkularra planteatzen du, ez lineala. Bihar aurkeztuko du foru aldundiak Batzar Nagusietan.

Diru erdia, nahikoa

Inbertsioari dagokionez ere aldaketa handia dakar planaren egokitzapenak. Zubietako errauste plantan oinarritutako azpiegitura sarerako 400 milioi euro inguru beharko zirela zehazten zuten erakunde publikoek. Azpiegitura sare berrirako nahikoa izango da aurrekontu horren erdia. Planaren egokitzapenaren egileek uste dute hondakinen kudeaketaren konponbidea ekarriko duela martxan jarriko den politika berriak.


Hiri Hondakinak Kudeatzeko Gipuzkoako Plan Integrala (HHKGPI) 2002an onartu zuten. Planak zioen 2016rako 541.996 tona hondakin bilduko zirela Gipuzkoan, eta haietatik %45 birziklatuko zirela. Gainerako %55ak errauste plantara eramango zituztela zehazten zen. 

2008an, ordea, berrikusi egin zuten plangintza, eta helburuak egokitu: hondakinen %57 birziklatuko ziren 2016rako, eta, gainerako %43ak errauste plantara eramango. 2016rako hondakin sorreraren aurreikuspena ere txikiagoa izango zela zehaztu zuen berrikuspenak: 495.000 tona zabor sortuko ziren Gipuzkoan 2016an, prebentzio kanpainen bidez zaborra murriztea helburu hartuta. Prebentzio kanpaina horiek egin ezean, ordea, diputazioaren ustez, ez zen hainbeste jaitsiko zabor kopurua. Halakorik gertatuko balitz, 554.000 tona sortuko ziren 2016an. 

Azken urteotan, ordea, ez da betetzen ari plan horiek aurreikusitako hazkundea. Esaterako, iaz, 350.000 tona hondakin bildu ziren herrialdean, diputazioak emandako datuen arabera. 2010ean, berriz, 356.733 tona. Aurreko aldundiak emandako datuak ez datoz bat horiekin, ordea. Esaterako, 2010ean Gipuzkoan 406.000 tona hondakin sortu ziren, EAJk eta H1ek gidatutako gobernuak emandako datuen arabera. 

Edonola ere, datu hori ere oso urruti dago hondakinen plan nagusiak 2011rako aurreikusten zuen kopurutik: 488.000 tona. Hain zuzen, agintari berriek nabarmendu dute errealitatea aldatu egin dela, eta horregatik gaurkotu dutela Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren 2008-2016 Aurrerapen Dokumentua.

Bidali:  

Erantzunak

potoli | 2012-06-04 : 14:01

Hemen idazten zian Maldon izeneko batek, behin eta berriz, bla, bla, bla... zer dio orain? Bilduk itxi egingo duela Lapatx.

Eta gogorazi behar da nork den Lapatx gure herrian egotearen arduradun politikoa.

biluztu | 2012-06-04 : 14:03

Nik gauze bakarra esaten dinat, edozien alderdi politikok orain planaren aldekta egitie nahi dulako, edo intzineradorie egin edo dana dala arrazoiye... egun erdi batez atzeatzen badu Lapatx ixtie, gure herriye aurrien izengo duela.

bizipoz | 2012-06-04 : 14:05

Ona, oso ona. Hau da, intzineradorik ez eta zabortegirik ez. Guk gure partie egingo diagu dudaik gabe: erreziklatu eta kitto.

ekilikua | 2012-06-04 : 14:06

Lapatx itxiko dela errauskalirik gabe, oso ona.
Eta gauza bat, PNVk lapatx luzatzeko plana zuen. Horren dokumentazioa badago, eta, jakin badakit, Udal gobernuak bere esku duela. Banestori eta kreditua eskatzen ari bai ziren ... bai, lapatx anpliatzeko.

ekhine | 2012-06-04 : 14:08

Utzi ditzagun alderdikeyek, une honetan oso inportantea Azpeitiko alderdi guztiak batera aritzea. Horrelako gertu izanda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu