Udaleku irekietan izena emateko epea irekita dago

Uztarria.eus | Aisia
2012ko mai. 25a, 18:38

Izen-emate orria eta egitaraua batzen dituen esku-programa herriko ikastetxe guztietan banatu dute dagoeneko eta ekainaren 1erako eman behar dute izena parte hartzeko asmoa dutenek; 1996 eta 2008 urteen artean jaiotakoek izango dute horretarako aukera.

Udaleku irekien esku-programaren azala.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Sei multzo nagusitan banatuta prestatu dute Udalak antolatutako udaleku irekietako programazioa: Udan Txiki (4 urtekoentzat), Udan Koxkor (5-6), Udan Jolas (7-8), Udan Mugi (9-10), Udan Alai (11-12) eta Udabentura (13-16). Uztailaren 2tik 27ra luzatuko dira aurten udaleku irekiak; 7 eta 12 urte bitartekoen programazioak bi txandatan egingo dituzte, hilaren 2tik 13ra aurrenekoa eta 16tik 27ra bigarrena.

Adin-tarte bakoitzari eskainiko zaion ekimen-aukera eta informazio osoa udalekuen esku-programan dago. Hala ere, esku-programan akats bat dagoela jakinarazi dute antolatzaileek, data nahaste bat: karikatura tailerra uztailaren 9-10ean egingo da eta '60 segundu' uztailak 11n.

Gurasoen kezkak direla-eta

Ekainaren 28an, udalekuetan parte hartuko duten haur eta nerabeen guraso edota arduradunentzako bilera egingo da Sindikatu Zaharrean, 19:00etan. Murrizketak medio, aurten udal udaleku irekietako parte-hartzaile kopurua mugatu egin dute; izena emandakoek aurrikusitako kopurua gaindituz gero, ekainaren 7an zozketa egingo lukete.

Neurri horrek guraso askoren artean kezka piztu duela badaki Udaleko Gazteria sailean, baina lasaitasunerako deia egin diete guraso guztiei. "Herritarrak kezkatuta ditugu aurten lehen aldiz taldeak mugatuak izango direlako eta hautaketa zozketa bidez egingo dugulako. Jakinarazi nahi diegu azken urteetako haur nerabe kopurua hartu dela kontuan mugak jartzerakoan, eta ez dela aurreikusten haur nerabe asko kanpoan geratzea", esan dute. Horrela, seme-alabak udalekuetan izena ematera "animatzeko" deia luzatu dute antolatzaileek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu