Urola Garaiko eta Urola Erdiko industrialdeen fusioaren kontra azaldu dira Azkoitiko eta Azpeitiko udalak

Uztarria.eus 2012ko mai. 23a, 19:57
Ezkerretik eskubira, IƱaki Portilla, Pello Bastarrika, Eneko Etxeberria eta Jon Juaristi, Urola Erdiko Industrialdearen egoitza atarian.

SPRI enpresen garapenerako agentziaren eta Eusko Jaurlaritzaren proiektua kritikatuz adierazpena plazaratu dute. "Urola bailararen industria garapenean oztopo bezala ikusten dugu fusioa. Gainera, baltzua handitzean udalen ordezkaritza murriztu egiten da, eta hori gure kalterako da", diote bi udaletako ordezkariek.

Iñaki Portilla, Urola Erdiko Industrialdeko presidentea eta Azpeitiko Udaleko Industria zinegotziak; Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak; Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak; eta Jon Juaristi, Azkoitiko Udaleko Sozioekonomia zinegotziak sinatu dute udalen adierazpena.

Hau da adierazpenaren testua, osorik:

"SPRI, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako garapen industrialerako agentzia, Gipuzkoan industrialdeen arteko fusio eta absortzio programa bat martxan jartzera doa hurrengo egunetan. Programa honek ez dauka ez hanka ez bururik, ez ikuspegi ekonomiko batetik, ezta gipuzkoarren behar eta nahiaren aldetik ere. Argi dago: tokiko ekonomia suspertu beharrean, PSE, berriro ere, aldebakarreko iniziatibaz eta gure udal eta herritarren iritzia kontuan hartu gabe ari dela. Operazio honen inguruan, gainera, informazio eza nabarmena izan da, bai SPRIren aldetik eta baita Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere.

Gure kasuan, Urola Garaiko industrialdeak Urola Erdikoa absorbituko du. Industrialde berri horretako presidente Zumarragako alkatea izendatuko dute, PSEkoa. Honek ez dauka ez hankarik ez bururik, alde batetik Urola Erdiko industrialdeak Zumarragakoak baino kapital gehiago duelako eta, bestetik, bi eskualde horien arteko fusio hori ez delako batere naturala. Baltzua Zumarragan kokatuko da eta Azpeitia eta Azkoitia euren eskualde naturaletik kanpo geldituko dira. Horren ondorioz eskualdeko interesak aldendu egingo dira, Urola Garaia eskualdearen mesedetan. Urola bailararen industria garapenean oztopo bezala ikusten dugu fusioa. Gainera, baltzua handitzean udalen ordezkaritza murriztu egiten da, eta hori gure kalterako da.

Bi eskualdeetan PSEk udal bakarra gobernatzen du baina, diseinaturiko programa honen bidez, elkargoa kontrolatuko du, eta horixe da helburua: kontrola, eta ez gure bailarako jendartea eta ekonomiaren beharrei erantzutea. PSE gure eskualdetan ez duen botere politiko bat bere gain hartu nahian dabil. Operazio honek ez du zilegitasun politikorik eta, gainera, oso kaltegarria da gure herrien interes ekonomikoetarako.

Eta operazioak sekulako desorientazioa sortuko du gure ehun produktiboan. Fusio eta absortzio programa hau ez da beharrezkoa eskualdeetako ekonomia suspertzeko. Are gehiago, eskualdeetako ekonomia suspertzeko oraingo egitura mantendu eta  babestu behar dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da gure bailarako enpresen industrialdea gure bailaran bertan egotea, gure enpresengandik gertu eta gure enpresen eskura. Gaur egun ditugun industrialdeetan inbertitu behar da eta gaur egun dagoen kapital horrekin (60-80 miloi euro) industrialde horiek lehiakorrak izateko programak aurkeztu behar dira. Gure udalak horretan ari dira, bide hori jorratzen ari gara jada.

Gure aldetik, SPRI eta PSEko buruzagiei bilera bat egitea eskatzen diegu. Oraindik garaiz gabiltza eta zentzu komun pixka batekin hau dena konpondu dezakegu".