Mantangorria hasi da Sanjuandegira gerturatzen

Uztarria.eus 2012ko mai. 4a, 14:10

Hilabete baino gutxiago falta da Sanjuandegiko festetarako. Konturatzerako, udan sartzear gaude eta, amona mantangorria auzora bidean da dagoeneko. Otsailetik burubelarri ari da lanean auzotar taldea 2012ko festak antolatzen eta ia osatua dute egitarau guztia. 

Oraingoz, kontzertuak eta datak aurkeztu dituzte. Horrela, aurtengo festak maiatzaren 26an, zapatua, hasiko dira umeentzat antolatutako egun osoko egitarauarekin. Gero, astean zehar hainbat ekimen izango da. Hala ere, ekainaren 1ean, 2an eta 3an lehertuko da festa, egun hauetan bisitatuko du-eta auzoa mantangorriak. 

Bestalde, musika eta dantza eskaintza oparoa izango da aurten ere. Dantzei dagokionean, umeen dantza eta Jose Mari Orbegozoren Saloiko dantzen emanaldiak izango dira. Horrez gain, flamenkoa eta txalaparta uztartutako emanaldia ikusi ahal izango da. Kontzertu ugari izango da Sanjuandegin; Udal Musika Bandaren eta Musika Eskolako haurren kontzertuak izango dira batetik, eta bestetik, "Euskal Herriko oholtzetan gelditu gabe dabiltzan" Zea Mays, Arkada Social eta Laket zuzenean izango dira. Horiekin batera bertako taldeak ere izango dira, auzoan. Skandalue, Belar Txarrak eta DJ Referee, hain zuzen. 

Azkenik, hitzordu berezi bat izango dute Sanjuandegiko auzotarrek ekainaren 3an, igandea, herri kirolen baitan, Ainhoa Alberdi harrijasotzen izango baita estreinekoz plazan.