Urrakiko Igoera txirrindulari probaren ibilbidea aldatu egingo dute aurten

Urola Kostako Hitza 2012ko mai. 3a, 18:05

Zarautz alderako itzulia eta Zakila bira egin beharrean, Mandubia aldera joko dute lasterketako txirrindulariek. Igandean jokatuko da elite eta 23 urtez azpikoen proba, Lagun Onak Txirrindularitza Elkarteak antolatuta.

Igandean Urrakiko 42. Igoera txirrindularitza proba jokatuko da, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Aurten ibilbide berria du elite eta 23 urtez azpikoen probak. Zarautz alderako itzulia eta Zakila bira egin beharrean, Mandubia aldera joko dute lasterketako txirrindulariek.

"Lasterketa gogortzeko eta txirrindulari elkartekoontzat lana errazteko aldatu dugu probaren ibilbidea", azaldu du Gurutz Aldalurrek, Azpeitiko Lagun Onak Txirrindularitza Elkarteko kideak. Kosta aldera joaz bidegurutzeak zaintzen "lan handiagoa" dutela dio Aldalurrek.

Urrakiko Igoeran hiru igoera izango dituzte txirrindulariek: bi aldiz Mandubia igoko dute eta bukatzeko Urraki gaina. "Azkenengo urteetan, probako txirrindulari guztiak Urraki barrenera batera iristen ziren, eta lasterketa sprintean bukatzen zen", diote antolatzaileek. Beraz, proba gogortu dute tropela puskatze aldera. Honenbestez, Mandubia bi aldiz igo beharko dute. "Urrakiko Igoera azkarrenak baino, onenak irabaz dezan nahi dugu", dio Aldalurrek. Luzera aldetik ez du alde handirik ibilbide berriak. "Bost bat kilometro luzeagoa da, baina maila horretako txirrindulariek lasterketa luzeagoak ere egiten dituzte".

Hau izango da 42. Urrakiko Igoeraren ibilbidea:

  • 10:00. Herriko plazan, irteera.
  • 10:06. Azkoititik Aizpurutxora.
  • 10:28. Zumarraga.
  • 10:42. Salbatoretik Garindik Mandubira; mendatea. 
  • 10:54. Mandubia, mendatea.
  • 11:21. Azpeititik Zumarragara, Loiolan tarteko helmuga.
  • 12:15. Mandubia, mendatea.
  • 12:39. Azpeitia (Landeta).
  • 12:53. Urrakin, helmuga.

Jubenilak eta kadeteak

Asteburuan ere Lagun Onakeko jubenilen eta kadeteen Atracciones Sanz txirrindulari taldeek lasterketak izango dituzte: Lazkaon eta Seguran helduenek, eta gaztetxoek Bizkaian eta Nafarroan.

Pasa den asteburuan, jubenilak Legorretan lehiatu ziren, eta Lagun Onakeko aurrena Ander Garate izan zen, 16. postuan helmugaratuta. Kadeteek, berriz, Bergarako Labegaraietako Sarian parte hartu zuten. Han Orbeak ihesaldian parte hartu, eta seigarren postuan bukatu zuen lasterketa.