Elena Albizuri: "Kontrastea izugarria da, baina hango bizimoduak bete egiten zaitu"

Berria 2012ko mai. 2a, 14:21

Erizaina, emagina, indigenen eskubideen aldeko ekintzailea, misiolaria... hori guztia eta gehiago da Elena Albizuri. Egunotan oporretan da Donostian; izan ere, berak dioen moduan, 50 urteren ostean, etxea Indian baitauka.

Beste adineko bat dirudi Elena Albizurik (Azpeitia, 1933) lehen begiratuan, bere azal zimurtuarekin eta ile urdinduarekin, baina harekin hitz egiten hasitakoan barruan daraman indarra nabari da, bizia besteei laguntzen eman duen emakume baten nahia eta gogoa. 
 
Noiz erabaki zenuen misiolari izan nahi zenuela?
 
Badira 50 urte moja sartu nintzela. Gure taldeak misioetara joatea ziurtatzen zuen, eta horregatik aukeratu nuen. Besteek hemen ere lanak izaten zituzten, eta ez zizuten kanpora joatea bermatzen. Hala, jakin nuenean talde hartako guztiak misioetara joaten zirela, han sartu nintzen. 
 
Zer esan zizuten etxean?

Ondo hartu zuten. Esan zidaten: "Zure gogoa hori bada, joan". Ez zidaten aurka egin. 
 
Nora joan zinen lehenengo?

EXabierrera, hango heziketa etxera. Gero handik Ingalaterrara, ingelesa ikastera, eta han bizitza oso garestia zenez, erizain ikasketak berretsi genituen. Horri esker, bazkariak debalde izaten genituen. Gero, astean bitan edo, iluntzean ingeleseko eskolara joaten ginen. Han hiru urte egin genituen, eta handik Indiara. 
 
Beste mundu bat izango da hura. 

Bai. Ni tribuekin bizi naiz, oihanaren erdian. Hara heldu nintzenean, inguru hura eremu sentibera zen. Herrialde askorekin egiten du muga Meghalaya estatuak: Txina du goian, Bangladesh beste aldean (orduan Pakistan zen oraindik), Birmania (orain Myanmar). Hori dela eta, bi baimen behar genituen, bata Indiara sartzeko eta bestea bertan geratzeko, eta baimen horiek urtero berritu behar genituen. Handik urte batzuetara, gainera, Txinak inbaditu egin zuen eskualdea (uste dut 65ean izan zela), eta jende askok ihes egin zuen.
 
Gu bizi garen inguru hori desberdina da Indiako beste estatuetatik, eta hasieran, Txina lurraldean sartzen hasi zenean, Indiako Gobernuak ere ez zion garrantzirik eman, baztertuta eduki zituelako urte askoan hango herritarrak. Pentsa, txinatarrak etorri zirenean, ez zieten inola gogor egin; erraz sartu ziren. Orduan esnatu zen India ere, eta tropak bidali zituen, txinatarrak Himalaya gurutzatuta sartu zirelako. Soldadu asko bidali zituzten, eta baita atzerritarrak han egoteko baldintzak zorroztu ere. Denborarekin, ordea, lasaitasuna itzuli zen, eta orain bost urtetik behin berritu behar den baimen bakar batekin nahikoa da han egoteko. Ordura arte turistek-eta oso zaila zuten han sartzea. Hori huts handia izan zen, herriak atzeratuta geratu zirelako. Azkenean, baina, mugak ireki zituzten.  
 
Ez zen erraza izango soldaduz inguratutako eremuan mugitzea. 

Jendea beldurtu egin zen hasieran, baina gu geunden tokiraino ez ziren etorri, nahiz eta geografikoki estatu berean egon. Gogoratzen naiz lege moduko bat onartu zutela eta esan zigutela maleta txiki bat prest edukitzeko (neurri eta guzti zehaztu zizkiguten), etortzen baziren lehenbailehen alde egiteko. Baina ez zen halakorik gertatu, eta han jarraitu genuen. 
 
Zu hara erizain lanetan aritzera joan zinen. Baina hango jendeari ere kosta egingo zitzaion atzerritar batengana joatea, ezta?
 
Noski. Bueno, ni lehenengo zentroan egon nintzen, han ospitalea ireki genuelako. Aurretik beste bi moja joanak ziren, medikuak biak, eta haien atzetik ni, erizain. Hara iritsitakoan, ordea, ikusi nuen emaginen beharra zegoela, eta ikasketak egitea erabaki nuen. Eta handik oihanera joan nintzen, orain nagoen tokira. Han dauden tribuak animistak dira; haien sinesmenen arabera, espirituek kontrolatzen dute dena. Adibidez, norbaitek buruko mina badu, espiritu bat haserretu duelako du, eta horrela. Halakoetan, aztiarengana joaten ziren arrautzekin, eta hark gorringoa irakurriz jakiten zuen zergatik haserretu zen jainkoa, eta esaten zien haiekin bakeak egiteko oilaskoa edo beste animaliaren bat sakrifikatu behar zutela. Horregatik, jende hura beldurrez bizi zen, espirituak haserretzeko beldurrez. 
Iritsi ginenean eta artategia ireki, jendea hasi zen pixkanaka-pixkanaka etortzen, eta harrituta geratzen ziren aspirina bat edo parazetamol bat eman eta sendatu egiten zirela konturatzen zirenean (han malaria ere asko dago). Hala, ongietorria eman ziguten. Esaten ziguten dagoeneko ez zutela beldurrik, bazekitelako hara joanez gero botikak hartu eta minak sendatuko zitzaizkiela. 
 
Ordutik gauzak asko aldatuko ziren, ezta?

Orain gauden toki horretara bi moja joan ginen, eta nik dagoeneko hogei urte daramatzat. Hasieran, etxetxo batean egiten genituen lan guztiak, eta inguruko herrietara joaten ginen jendearekin hitz egitera. Orain, berriz, eskola bat dugu 600 haurrekin, misioa dagoen tokian, eta misioaren menpe daude beste 60 bat herrixka. Horietara ere maiz joan behar izaten dugu; ni dagoeneko ezin izaten naiz joan, jende asko etortzen zaidalako artategira; beste moja bat arduratzen da etorri ezin diren gaizoak artatzeaz, eta haurrak eskolara joaten direla bermatzeaz. Hala, taldean lan egiten dugu. Pentsa, lehengo urtean, 90 ume jaio ziren nire artategian. Hala ere, ez naiz bakarrik egoten: hango neska batek laguntzen dit. Dena den, gaixoak konfiantza handiarekin etortzen dira, eta hori eskertzekoa da. 
 
Zer pentsatu zenuen lehen aldiz hara iritsi zinenean?
 
Hura ikusitakoan, "gaixoak" pentsatu nuen, eta zerbait egiteko modua banuen lagundu egingo niela erabaki nuen. Barruak esan zidan hura zela nire lekua. Eta gero, haiek ere oso samurrak dira. 
 
Zertan da desberdina hango eta hemengo gizartea?
 
Hemen ezin dugu pasa hura eta bestea eduki gabe. Iragarki batean zerbait ikusten badugu, hura eduki beharra sentitzen dugu. Beharrak sortzen ditugu. Han, aldiz, oso gutxirekin moldatzen dira. Nik ez dut erosiko jantzi bat niretzat, horrenbeste botatzen badira. Burua han daukat beti, eta dagoen kontrastea izugarria da, baina hango bizimoduak bete egiten zaitu, eta, beraz, ez dut hemengoaren falta sumatzen. Hala ere, familia urrun edukitzeak asko eragiten du. Baina hona etortzen zarenean berritzen dituzu harekiko loturak, eta hori ere gauza ederra da. Bestela han pozik bizi naiz; tribuko kide ere egin naute: haientzako jada ez naiz kanpotarra. Harreman handia dugu.
 
Etorkinak eta iheslariak ere maiz ikusiko dituzue, ezta?

Normalean horiek ez dira gure aldera etortzen, han ez dagoelako dirua irabazterik, oihana bakarrik baitago. Hiri handietara joaten dira, baina horietan ere kontrol neurriak gogortzen ari dira, Bangladeshtik jende asko joaten delako. Bangladeshko lurrak hondoratzen ari dira euriteen ondorioz, estatua itsasoaren maila baino beherago baitago. Bestetik, Pakistan ekialdearen eta mendebaldearen arteko banaketa ere bizi izan nuen. Orduan, errefuxiatuak artatzea egokitu zitzaidan. Indiarekin lurrak banatu zituztenean, Pakistan bi zatitan banatuta geratu zen, ekialdea eta mendebaldea, baina banaketak ez zuen iraun, lurralde bakoitza mutur batean zegoelako, eta gu tartean. Bien arteko gerra hasi zenean, batzuek independentzia nahi zutelako, errefuxiatuek gure aldera egiten zuten ihes, eta guk anbulantzia bat jarri genuen muga aldera gerturatu eta zaurituak gurera ekartzeko. Bangladeshko gerra deitu zioten hari. Oso gogorra izan zen jendea hala sufritzen ikustea. 
 
Nolakoa da zure egun bat?
 
Normalean, goizean goiz, bostak aldera jaikitzen naiz, eta gero otoitzak egiten ditugu. Horren ondoren, gosaldu eta lanera, artategira, eta han pasatzen dut eguna. Gauez ere etortzen dira gaixoak, eta orduan, beti prest egon behar dugu. Gainera, badakite nire gela non den, eta askotan hara etortzen dira ate-joka; beraz, 24 ordu haien esku nago. Iluntze aldera biltzen gara, eta orduan berriketan ibiltzen gara, eta hor barre batzuk egin eta erlaxatzen gara. 
 
Munduko txoko guztietako jendea bilduko zarete han, ezta?
 
Bai, ni hango mojekin nago han. Hemendik joandako bakarra naiz. Orain bost moja gaude, eta beste guztiak bertako tribuetakoak dira. Komunitatean ingelesez aritzen gara, eta hango jendearekin, berriz, haien hizkuntzan. 
 
Hori ere ikasi behar izango zenuen?
 
Bai, hori behar-beharrezkoa da. Ezin zara beti beste baten menpe egon. 
 
Erizain lanetan ibilita, botikak eskuratu beharrean ere izango zara, ala?
 
Bai; orain arte, Alemaniarekin hitzartutako akordio baten bidez jasotzen genituen botika asko. Oso botika onak ziren, batez ere malariaren aurkakoak, kinina oso garbia baitzen. Baina handik urte batzuetara, aduanetan arazoak sortzen hasi ziren; gero eta dokumentu gehiago eskatzen zituzten, eta, ondorioz, botikak denbora luzez mugan geratzen ziren, eta hara iristen zirenerako pasata, hondatuta zeuden. Traba handia da hori gure lanerako. Orain ere botikak eskatzen ditugu kanpora, baina ez lehen bezainbeste. Hala, hangoekin moldatzen saiatzen gara. Zentroan, hiriburuan, badaude tokiak horiek eskuratzeko, baina kalitatea ez da bera. Han ustelkeria handia dago. Askotan, kaxan gauza bat jartzen du, baina barruan begiratuta beste gauza bat topatzen duzu. Beraz, erne egon behar duzu zein laborategik egin duen botika, hura fidagarria ote den jakiteko. 
 
Inoiz arazorik izan duzu hangoekin?
 
Hango aztiak apur bat aztoratu egin ziren heldu ginenean, eta hango agintariekin hitz egin zuten, kexa agertzeko. Hori dela eta, buruzagia ni handik bidaltzen saiatu zen. Horretarako, jendearen babesa bereganatzen ahalegindu zen, esanez ni kanpokoa nintzela eta atzerriko botikak erabiltzen nituela, baina laster alde egingo nuela denak han utzita.  Hasieran, jendea beldurtu egin zen, baina berehala ikusi zuten ez zela hori nire kontra egiteko arrazoia, inbidia zutela. Jendea ez baita txepela, ikusi egiten dute beraiei laguntzeko gaudela han, eta haien etxeetara ere sartzen gara, eta haiek jaten duten gauza bera jaten dugu guk ere. Tribuko kide gara, beste kide bat. 
 
Hala ere, Indiara iritsi berritan gertatu zitzaidan hots egin zidatela gaixo bat ikusteko. Ni heldu nintzenerako aztia han zen, eta gaixoa zegoen tokira sartu nintzenean, hark keinuak egin zizkidan; nik pentsatu nuen ez zitzaiola gustatu ni han egotea, baina hots egin zidaten eta nire lana egin behar nuen. Gaixoak malaria zuen, eta txertoa jarri nion, baita pilulak eman ere bost egunerako. Ordurako jende multzo bat zegoen etxolan bilduta, eta denek ikusi zuten aztiak egindako keinua. Nik ez nekien zer ziren imintzio haiek, baina, antza, begizkoa bota zidan, eta, haien ustetan, ordu gutxiren buruan hil behar nuen. Jendea atzetik jarraitzen hasi zitzaidan, noiz hilko nintzen zain, baina ez zen ezer gertatu. 
 
Zein izan da urte hauetan guztietan izandako momenturik onena?
 
Batzuetan gerturatzen dira pertsonak oso gaixo daudenak, eta bat eman eta bestea eman eta, hala ere, okerrera egiten dute, eta baita konorterik gabe igaro ere bi edo hiru egun, baina bat-batean, piztu egiten dira. Horiek benetako esperientziak izaten dira. Edo aurretik hiru edo lau abortu eduki dituen ama bati erditzen lagundu eta haurra ematen diozunean. Halakoetan pentsatzen duzu merezi izan duela.