Juan Antonio Larrañaga: "Niri kolore txuri-urdinak ez dizkit inork kenduko"

Berria 2012ko api. 23a, 12:14
Juan Antonio Larrañaga EITBko futbol esataria da azken urteotan. (Urola Kostako Hitza)

Kirolzaletasuna baino zerbait gehiago transmititzen du futbolak. Bai, behintzat, Larrañagaren iduriko. Haren ustez, hori izan daiteke futbolak milaka jarraitzaile izatearen arrazoietako bat.

Helduxeagoek 80ko eta 90eko hamarraldietan Realeko erdilaria eta atzelaria izan zelako ezagutuko dute Juan Antonio Larrañaga (Azpeitia, 1958); gaztexeagoek, aldiz, aspaldian EITBko futbol esataria delako. Kontuak kontu, ukaezina da azpeitiarra ezaguna dela futbolaren munduan. Bizitza osoa darama kirol horri lotuta, eta gerora begira ere lotura horrekin jarraitu nahiko lukeela dio.

Realean jokatzeari 1980an ekin zenion, eta taldeak Espainiako Liga irabazi zuen. Hasiera goxoa, ezta?

Bai, Realak Espainiako Liga irabazi zuen urtean hasi nintzen. Oso oroitzapen onak ditut, eta, alde horretatik, ezin naiz kexatu. Garaipenak lortzen direnean dena izaten da poza; horregatik, oso garai onean sartu nintzela iruditzen zait. Urte horietan taldea oso lehiakorra zen, eta asko ikasteko aukera izan nuen. 

Baina futbolean irabazi eta galdu egiten da... 

Bai, beti ezin da goian egon. Beraz, egia da garai onak izan arren, tamalez, sufritu ere egin behar izan dugula. Nahi baino gehiagotan, gainera; kar-kar-kar. Jokalaria nintzenean, zaleen txistuak entzun behar izan nituen batzuetan... Baina, tira, horrelakoak dira gauzak!

Sufrimenduak sufrimendu, zuk uko egin zenion Reala utzi eta kanpoko talderen batera joateko aukerari.

Leku onean nengoela pentsatzen nuen, eta ondo baloratua nengoela. Gainera, Gipuzkoan egoteak eta zure herrian jokatzeak zerbait dauka... Ni Realean jokatzeak betetzen ninduen, nire taldea da.

Zer moduz ikusten duzu egungo Reala? 

Proiektu polita dago. Talde on bat dago, gaztea eta ilusioz betetakoa. Gazteek pixkanaka pisua hartu behar dute taldean; etorkizunera ilusioz begiratu behar da, nik uste. Gaur-gaurkoz gustatuko litzaidake gorago egotea, baina hauxe daukagu. 

Eta zaleek zer moduz erantzuten dute?

Ondo! Baina batzuetan pentsatzen dut hemengo jokalariei gehiegi eskatzen diegula. Kanpotik etortzen direnak gehiagotan aipatzen dira, gutxiago egin arren. Nire ustez, horrek alderantziz izan beharko luke: jendeak etxekoekin pazientzia handiagoa izan beharko luke, eta kanpokoari gehiago eskatu, horretarako etortzen dira eta. Hemengoa babestu egin behar da, lagundu.

Tira, hona topiko bat: futbolarien adierazpenak beti antzekoak izaten dira...

Bai, futbolarien adierazpenak beti antzekoak izaten dira, egiten dizkieten galderak ere antzekoak izaten direlako. Logikoa da. Egia da zerbait desberdina esaten duen baten bat egoten dela, baina gehienak ez dira hortik ateratzen ausartzen. Hitzak neurtu egin behar dira; bestela, gero, kazetariok beti izaten duzue zer maiseatu. 

Kontuak kontu, urteak dira futbola kanpotik ikusten duzula. Zer moduz esatari lanetan?

Ni oso gustura egoten naiz. Ondo edo gaizki egiten dudan, hori entzuleak esan beharko du...

Bada, hor barrena entzun izan dut, Realeko jokalari ohia izanagatik, Athletic edo Osasunakoa zarela dirudiela...

Bai? Niri kolore txuri-urdinak ez dizkit inork kenduko! Kar-kar-kar. Gertatzen dena da jendeak nahi duena entzun nahi izaten duela, eta nik ezin dut hori egin. Ikusten dudana esan behar dut eta hori batzuei ez zaie gustatzen... 

Zure esatari paperarekin jarraituz, badakizu irratian-eta imitatu egiten zaituztela, ezta?

Bai, baina ez zait asko inporta! Pertsonalki nirekin sartzen ez diren bitartean, lasai hartzen dut. Azkenean esan daiteke mundu honetan nahiko ezaguna naizela eta horrelako gauzak gertatzen direla...

Gaur egun, futbolean aritzen zara?

Ez, ez. Aspaldi utzi nion jokatzeari, noizean behin Realeko beteranoekin aritu izan naiz, baina oso gutxi. Orain futbolarekin beste era batera jarraitzen dut lotuta: Gipuzkoako entrenatzaileen eskolan laguntzen dut, Astigarragako Mundarro taldean... Dena den, modu batera edo bestera izanik ere, oraindik ere mundu honetan jarraitzen dut, eta, gerora ere, horrela izatea gustatuko litzaidake.

Liga aurrera doa. Zure iritziz, nola bukatuko dute euskal taldeek?

Athleticen helburua Txapeldunen Ligan sartzea da. Urruti gelditzen zaio, nikuste... Ikusiko dugu... Osasuna ere hortxe ibiliko da, kosta egiten zaio azken pausoa ematea, baina gertu egongo dela ziur. Eta Reala ez zait iruditzen arriskuan egongo denik. Azpitik dituen taldeek oso zaila dute partida guztiak irabaztea. Dena den, gauza bat da iruditzen zaidana eta gero beste bat gertatzen dena.