Errekorra haustera dator hainbat korrikalari XIX. maratoi erdira

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 21a, 10:39
Antolatzaileak, laguntzaileak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako ordezkariak, atzo egin zuten aurkezpenean. (XABIER OTAMENDI)

Martxoaren 31n (larunbata) izango da Diego Garciaren Oroimenez XIX. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Atzo, martxoak 20, aurkeztu zuten antolatzaileek 2012ko edizioa. Urtarriletik dago lasterketan parte hartzeko izenak emateko epea eta, bihartik aurrera, orain arte baino bost euro garestiago izango da izen-ematea.

"Egin dugun esfortzuarekin, uste dugu, ekartzea lortu ditugun lasterkariak marka hobetzeko kapazak izango direla, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere", jakinarazi zuen Agustin Jimenez antolatzaileak. Errekorra hautsi ahal izateko, eguraldi onena izatea beharrezkoa dela gogorarazi zuen. "Errekorrik ez bada, inork ez dezala pentsatu porrota izan denik", zehaztu zuen.

Gizonezkoetan, parte hartuko duen eta "maila handiena daukan atleta" Mike Kigen (Kenia, 1986) dela nabarmendu zuen Jimenezek. "Iaz, Donostiako Krosa irabazi zuen, eta maratoi erdietako denbora oso ona dauka, 59:58koa. Ea bere marka haustea lortzen duen. Zaila izango da, baina ikusiko dugu". Emmanuel Bett (Kenia, 1983) ere aipatu zuten aurkezpenean, 2010ean Rio de Janeiroko maratoi erdian bigarrengo postua eskuratu zuela nabarmenduz. Bere errekorra, ordubete, bi minutu eta hamar segundokoa da, "baina hobetzea posible dela" nabarmendu nahi izan zuen Jimenezek. Emakumeei dagokionean, Doris Changeiywo (Kenia, 1984) nabarmendu zuten, 1:08:49 denborarekin. "Gure maratoi erdiko marka baino hobea da, bere marka hobetuko balu, hemengoa ere hobetuko luke». Antonina Rutto ere (Kenya, 1989) aipatu zuten; 1:11:43 denbora dauka.

Izena emateko epea irekita

Urtarriletik irekita dago aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea, eta bihartik aurrera, osteguna, garestitu egingo da dortsala eskuratzea. Federatuta daudenek, lasterkari karneta daukatenek eta txip horia daukatenek 17 euro ordaindu beharko dute. Karneta edo txipa ez daukanak 20 euro ordaindu beharko ditu, eta federatu gabe, eta karneta zein txipa ez daukanak, berriz, 23 euro. Bihartik aurrera, ordea, prezio guztiak bost euro garestituko dira.

Internetetik eman daiteke izena www.sarralle.com/media-maraton, eta kirolprobak.com web guneetan. Azpeitiko Aitzaki zein Aradi Kirolak dendetan, eta Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan ere eman daiteke izena eskualdean. Eskualdetik kanpo, berriz, Oiartzungo Caravanas Oiartzunen eta Bilboko Intersport Extreme dendetan.

Atzo eguerdian aurkeztu zuten maratoi erdia, Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako ordezkariek, antolatzaileek, eta laguntzaileek. Agustin Jimenezek eman zituen aurtengo edizioaren azalpenak, eta "egoera ekonomikoagatik" aurtengoa ez dela "anbizio handiko" lasterketa izango jakinarazi zuen.